Hamabost urteren ondoren, nasa yuwe hizkuntzaren aldeko prozesuak Kolonbiako instituzioen eta agintarien babesa jaso du joan den asteburuan. Hiru egun bete beteak izan dituzte Caucan, Toribion, Cecidicen egoitzan antolatutako nazioarteko foroan. Orain arteko lana eredu moduan hartu eta instituzioetatik laguntza emateko asmoa azaldu dute hainbat aginte esparrutatik; baita konpromisoa sinatu ere: Kolonbiako Gobernuko hizkuntza, kultura eta barne ministeritzak, lurraldeko CRIC eta zonaldeko ACIN erakunde indigenatako kideak, Proyecto Nasako agintariak, herriko agintariak... Horrez gain, nazioartetik joandako beste hizkuntza batzutako ordezkarien babesa ere jaso dute: Garabideren eskutik joandako EMUN eta Unesco Katedra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), Ekuadorreko kitxuak, Yucatango maiak... Denek nasa yuwearen alde egindako lana aitortu zieten Hilo de nasa yuwe mugimenduko lagunei, eta etorkizunean, bakoitzak bere aldetik egin dezakeen guztia egiteko konpromisoa hartu zuten. Azkenean, Toribioko plaza hizkuntza gutxituen aldeko nazioarteko festa bihurtu zen.
“Prestigioa irabazi dugu. Jendeak harro esaten du nasa yuwea hitz egiten duela”
Hamabost urteko lanaren emaitzak ikusten hasi direla adierazi zuten Hilo de nasa yuwe-ko kideek, prozesu honi tiraka urteetan ari direnek. Tartean, Viviana Gonzalezek adierazi zuen, “Prestigioa irabazi dugu, herritarren eta agintari indigenen artean. Oraindik ez dugu hiztun askoz gehiago, baina dakitenek harro esaten dute nasa yuwea hitz egiten dutela. Lehen ez zen horrelakorik”. Carlos Rudak horrela zioen, “Agintarien artean ere kosta zaigu hizkuntzaren garrantzia erakusten, baina orain garbi ikusi dute komunitatea indartzeko hurrengo erronka handia hori izango dela”. Kolonbiako gobernuko ordezkariek, Nicolas David Barbosa eta Sara Natalia Martinezek, adierazi zuten “eredugarri” ikusten dutela nasek hizkuntzaren alde egindako prozesua, eta proiektu pilotu moduan hartzeko konpromisoa hartu zuten eta horretarako euren laguntza eta errekurtsoak jartzeko prest azaldu ziren. Berdin, CRIC, ACIN eta Toribioko agintariak ere.
Nazioarteko ordezkaritza handia izan zen Caucan, hiru egun bete-beteetan. Tartean, euskaldunen presentzia oso nabarmena izan zen. Beharrik, euskaldunen esperientzian oinarrituta egindako prozesua delako hau, neurri handi batean. Horregatik, instituzioen babesaren garrantzia azpimarratzeko, Garabidek eskatuta, Eusko Jaurlaritzako HPSko sailburuordea izan zen bertan, Aitor Aldasoro. Bi ideia nagusi azpimarratu zituen Aldasorok. Batetik, herri batek aurrera egin nahi badu, ezinbestekoa duela hizkuntza, kultura eta indentitatea mantentzea, zaintzea eta indartzea. Bestetik, lan horretan, instituzioek eta gizarte eragileek elkarrekin lan egin behar dutela, ezinbestean. “Eta horretarako, hitzez harago, errekurtsoak jarri behar ditugu, errekurtsoak instituzioek ditugulako”. Horrez gain, HPSk bere esperientzia erakusteko borondate osoa erakutsi zien bertako instituzioei. Euskaldunen ordezkaritzaren barruan, HPSz gain, kide gehiago ere izan ziren. Instituzioen bidean laguntzeko, EMUNeko Inma Elexpuru ere bertan izan zen, lehen aldiz. EMUN izango da instituzioetako bidean aholkularitza emango duen elkartea, eta ilusio guztiz hartu dute erronka berri hau. Unesco Katedraren izenean, nola ez, Ane Ortega ere han izan zen, orain arteko bide luze honetan ia hasiera hasieratik bertan ibilitako kideetako bat, eta adierazi zuen emozio izugarria sentitzen zuela horrelako pausu bat emateko aukera benetakoa dela ikusita. Azkenik, Garabideko bi ordezkari ere bertan izan ziren, Xabier Etxebarria eta Eñaut Agirre.
Nazioarteko ordezkaritzaren barruan, AECIDeko bi kide (Patricia Fierro eta Mercedes Álvarez) ere bertan izan ziren, Espainiako lankidetza agentziako Kolonbiako ordezkariak, hain zuzen ere. Proiektu honek azken hiru urteetan AECIDen babesa ere jaso du, eta oso balorazio positiboa egiten dutela adierazi zuten bi kideek eta aurrerantzean ere “eurekin kontatzeko”. Azkenik, ezin falta komunitate indigena lagunak ere. Prozesu bertsua bizi duten bi ordezkaritza izan ziren bertan, Ekuadorko lau kitxua (Chaca Perugachi, Estiven Serrano, Yurak Guaychico eta Abimael Velázquez) eta Yucatango bi maiak (Yazmin Novelo eta Markos Pech). “Gaur ez gara geure prozesuetaz hitz egitera etorri, gaur nasa eta nasa yuweaz hitz egitera etorri gara. Zuen prozesua gurea ere bada. Pentsa dezagun zertan lagun dezakegun hemen gauden bakoitzak nasa yuwearen biziberritzeko prozesuan. Gure babes osoa izango duzue”, adierazi zuen Yazmin Novelok.
Bi albiste, etorkizun hurbilean
Etorkizunera begirako asmoak eta ideiak adierazteko lekua ere izan zen nazioarteko foroa. Garabideren aldetik, poz izugarria azaldu zuten eurekin lanean ari ziren hiru komunitate indigena Caucan elkartuta ikusita, eta hizkuntza gutxituek elkarri laguntzeko beharra azpimarratu zuten. Horren harira, Hizkuntzen Nazioarteko Federazioa sortzeko asmoa dagoela aurten adierazi zuten, Garabideren eskutik, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Eta azkenik, Yucatango maiek eman zuten albistea. Iaz, Ekuadorreko kitxuek antolatu zuten tankerako foro bat; aurten, nasa komunitateak antolatu du bigarrena. Datorren urtean, nazioarteko foroa Yucatanen egiteko helburu sendoa hartua dutela adierazi zuten maiek.













2020 Garabide