Albisteak

Kitxuak eta nasak: hartu eta eman, biziberritzeko

2023/01/13

2021 hasieran abiatu zen "Imbaburako komunitate kitxuarentzako hizkuntza lankidetzako proiektu integrala" Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babespean eta, azken bi urteotan honetan aletu dugun moduan, lau fase izan ditu: kitxua biziberritzeko aktibista adituak prestatzea, kitxua biziberritzeko 6 proiektu praktiko diseinatu eta inplementatzea, Shimi Muyuta Tarpushpa” Hizkuntzak Biziberritzeko Nazioarteko I. Kongresua antolatzea eta Kolonbiako nasa herriarekin hizkuntza-biziberritze esperientziak elkartrukatzea. Hain zuzen ere, laugarren fasearen baitako azken aurrerapausoen berri ematera gatoz.

 

Joan den urriaren 4tik 8ra Ekuadorreko kitxuen lurretara hurbildu zen Nasa herriko delegazio zabal bat Garabideren ordezkaritzarekin batera. Hizkuntzen biziberritzeari lotuta, lau eguneko programa aberatsa ondu zen eta bi herrietan izandako esperientziak trukatu egin ziren, zehazki, honako gai hauen inguruan:

  • Antolaketa-prozesuak, prozesu politikoak eta hizkuntza biziberritzeko planak.
  • Hezkuntza formala.
  • Jatorrizko hizkuntzetako komunikabideak.
  • Helduen irakaskuntza eta alfabetatzea jatorrizko hizkuntzetan.
  • Tresna juridikoak eta teknikoak administrazio publikoaren esparruan.
  • Hizkuntzen transmisioa familia-eremuan.


Biziberritze-esperientzien trukeak Ekuador iparraldeko Imbabura probintziako hainbat tokitan egin ziren, zegokion gaiari lotutako ekimenak bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Formatu aldetik ere aniztasuna izan zen nagusi programan: hitzaldiak, mahai-inguruak, bisita didaktikoak, aurkezpenak, foro irekiak...  Esate baterako, komunikabideen arloan kitxuek nasei erakutsi zieten kitxuaz emititzen duen Iluman Irratia nola sortu zuten eta zein bilakaera izan duen; ondoren, hizkuntza lankidetza proiektu integral honen lehen eta bigarren faseetan sortu zen "Kichwa wayrapi" proiektuaren berri eman zieten nasei, hain zuzen ere, ekimenak komunikatzaile kitxuak formatzea helburu duelako. Trukean, nasek kitxuei antolamendu komunitarioaren baitan hizkuntzaren gaineko lanketa nola egiten ari diren azaldu zieten; hau da, plan estrategikoetan hizkuntzaren biziberritzea nola lantzen duten.


Azkenik, lau eguneko programa borobiltzeko, Kolonbiako Nasa herriaren eta Ekuadorreko Kichwa herriaren arteko senidetzea akordioa sinatu zen. Senidetzearen helburua bi herrien arteko elkarlanerako ardatzak ezartzea da, jada abian dauden hizkuntza-biziberritzeko proiektuetan elkarri laguntza eskaini ahal izateko. Ekitaldia Sisariy elkarteak, Imbaburako Kichwa Gazteen elkarteak eta Kichwa Yachayta Sisachikkuna Suspertzaileen Sareak antolatu zuten Ekuadorren, eta agintari zein aktibistek parte hartu zuten. Senidetze horren ohorezko lekuko izan ziren Majourie Vargas, Ekuadorreko Herri eta Nazionalitateen Berdintasunerako Kontseilu Nazionaleko idazkari teknikoa eta Marleen Haboud hizkuntzalari ezaguna, Oralidad Modernidad programaren zuzendaria.

 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus