Albisteak

Hitzarmena berritu dute Garabidek eta UEMAk, garapen-lankidetzan hizkuntzen biziberritzea sustatzeko

2022/04/13

Nazioarteko garapen-lankidetzarako laguntzen zati bat jatorrizko hizkuntzak biziberritzera bideratzeko proposatuko die UEMAk mankomunitatea osatzen duten udalei. 2013an sinatu zuten hitzarmena lehen aldiz Garabidek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Garabide elkarteak segida eman diote 2013an hasitako elkarlanari. Hizkuntzen biziberritzea sustatu asmoz, bigarren aldiz berritu dute bi erakundeen arteko hitzarmena. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano eta Garabide elkarteko lehendakari Iñaki Martinez de Lunak sinatu dute hitzarmena, azkenengoz 2016an berritua.

Jatorrizko hizkuntza eta kulturak biziberritzeko esperientziak trukatzen aritzen da Garabide elkartea, eta oraindik urratzeko bide luzea badago ere, Euskal Herria euskalduntzeko prozesuan esperientzia aberasgarriak pilatu dira arnasguneen eta tokiko administrazioen bueltan.

Hitzarmen honen bidez, garapen-lankidetzan hizkuntzen biziberritzea sustatzeko ekinbideak proposatuko dizkie UEMAk mankomunitatea osatzen dute udalei, Garabiderekin elkarlanean. Zehazki, honakoak:

  • Nazioarteko garapenerako lankidetzan hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparrua lantzea. Hizkuntzak biziberritzeko proiektuak identifikatu, sustatu, garatu eta ebaluatuko dituen jarduera-esparru berezia izan beharko du.
  • Horretarako, UEMAk bere udalei proposatuko die lankidetza funtsaren %25 jatorrizko hizkuntzen biziberritzera bideratzeko.
  • Garapen-lankidetzan, hizkuntza irizpidea gainerako jarduera guztietan uztartuko den zehar lerro berria izatea.
  • Garapen bidean dauden herrialdeetan hizkuntzak biziberritzeko arloan bertako gizartearen sentiberatzea eta elkartasuna lortzeko jarduerak ere bultzatzea.

UEMAk honen berri emango die udalei, barne-mailako ohiko komunikazio bideak erabilita. Bi aldeek, berriz, bakoitzaren komunikazio eta sare bideak erabiliko dituzte hitzarmen honen berri emateko eta oinarrian duen kooperazio ildo berria jendarteratzeko.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus