Albisteak

Gogoaren haritik: errepikapen soil bat memoria, kontzientzia eta borondatea (biri)biltzen

2020/06/30

Bittor Kapanagak ‘Euskera, erro eta gara’ liburuan dioskun bezala, GO, IZ eta AR fonemak izatasun kontzeptua adierazteko erabiltzen zituzten gure arbasoek. Bere ustez, hiru giza multzoren biltzeak eratu zuen gureganaino iritsi den euskera. Hau da, kontzeptu bera adierazteko hiru erro ditugu.

Zenbat hitz eder sortzen diren hiru multzo horietatik: GOIZ, IZAR, ARIZ… eta GOGO. Azken hau fonema beraren errepikapen soil bat dugu: GO-GO. Badirudi, denbora aurrera joan ahala, aitzin euskaldun multzo bat ohartu zela bazela beste izatasun bat, aurrekoaren gainean eraikia.

Lehen soinua, GO, naturaren izatasuna izendatzeko sortuko zuten. Sentitzen zuten oro hartzen zuen bere baitan. Baita gabea iristen zenean iluntasunak ekarritako hutsa ere. Oraindik aitzin euskalduna ez zen gai bere burua naturatik bereizteko. Bat zen dena, gizaldi luzez.

Gizaldien poderioz eta gertatzen zenari arreta eskeini ahala, GO handi horren tankerako beste izate bat aurkitu bide zuten aitzin euskaldun horiek. Beren burua aurkitu eta ezagutu zuten: beren materia eta beren hutsarekin. Beren haserre, tristura, poztasun eta beldurrekin. Aurkikuntza berriari GOGO izena ipintzea deliberatu zuten. Izatasun identifikatu berri bat, izatasun handiaren baitan: aitzin euskalduna, naturaren baitan.

Ustea da orduan ez zutela idazten. Keinuak eta soinuak zituzten komunikabide. Nola baina soinuei kontzeptuak lotu? Nola kontzeptu berriak soinukatu? Komunikatzeko beharra zen gara bide. Oinarrizko hizkuntza aberastu beharra. Aurkikuntza berria burmuinean egosi, eta nola albokoari esplikatu? Ahots korda honezkero bazen GO ahozkatzeko gai. Fonema bakarra. Berori errepikatuz komunikatu zuen aitzin euskaldun aitzindariak aurkitu berria: GOGO. Bere burmuina garatu zuen agindua errepikatzeko, beharraren poderioz. Beharra, gara bide.

Bi kontzeptu ahoskatu ahal zituen: Natura, eta gizakia. Gizakia natura da, eta gehiago ere bai. Oinarrizko naturaren bigarren generazio bat, GOGO, lehen generazioan, GO, bizi behar duena. Ez al da ederra?

Naturak ziklo errepikakorrak ditu: Ura erori, bidea urratu, itsasoratu, lurrundu, hegan egin, erori… Eguna argitu, gabetu, argitu… dena dabil biraka. Ilargia lurraren bueltan ere bai, eta lurra eguzkiaren bueltan.

Gizakiok ere beharrak eta GOGOak gidatuta gabiltza, memoria (gogora ekarri) eta borondatea (gogotsu egin) lagun, kontzientzia (gogoa bera) osotuz.

 

Iñaki Idigoras Igartua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus