ADITU formazioaren hirugarren astea WikiEmakumeok proiektua ezagutzen eman zuten, Marisa Barrena eta Maripa Garaizabalen eskutik. Hizkuntza gutxituak indartzeko ingurune digitaletatik nola indartu ere azaldu zien Ander Bolibarrek.
Biharamunean, Martin Ugalde Kultur Parkea ezagutu zuten, Euskalgintzaren Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra eta BERRIA egunkariaren esperientziak ezagutuz.
Herritarrekin topo
Asteazkena egun berezia izan zen Aretxabaletan. Andoni Barreñak hizkuntzaren estandarizazioa izan zuen hizpide eta Gatxi Arexolaleibak aktibazio soziala azalduz, Euskal Herrian egindako dinamika kolektiboen berri eman zien. Ainhoa Lasarekin, berriz, “hizkuntza-espazio pertsonalerako” tailerra egin zuten. Eguna amaitzeko, Aretxabaletako herritarrekin elkartu eta parte-hartzaileek haien hizkuntzei eta komunitateei buruz hitz egin zuten.
Osteguna ere oso egun berezia izan zen, batzuek lehen aldiz ikusi baitzuten itsasoa bertatik bertara Donostian.
Gipuzkoako Foru Aldundia bisitatu ostean, eguraldi ona lagun, oinez joan zen taldea UZEIra, teknologia erabilita hiztegigintzarako aplikazioak eta baliabideak ezagutzera.
Eskualdez eskualde
Donostiatik Ataunera, Barandiaran Museoa bisitatzera, eta Jentilbaratza elkartearen eskutik euskal mitologian murgiltzera.
Ostirala Arrasaten hasi zuten Goiena.eus eskualdeko erreferente zelan bihurtu den ezagutzeko. Handik Beasainera, Leire Artola alkateak udal politiketatik euskararen sustapena nola lantzen duten azaldu zuen. Hurrengo geltokia Tolosa izan zen, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartera. Eguna amaitzeko, Tolosako herritarrekin partekatu zuten parte-hartzaileek euren hizkuntzen egoera.
Asteburuan atseden pixka bat hartuta, igandean ikastolen aldeko Kilometroak jaian izan ziren ADITUko parte-hartzaileak Elgoibarren.
Arabatik Lapurdira
Formazioko laugarren astearen hasiera Aretxabaletan izan da. Patxi Baztarrikak udalen hizkuntza-politikak izan zituen hizpide astelehenean. Gero, Nerea Uriartek proiektu bat egiteko oinarrizko tresnak erakutsi zizkion taldeari, Aditu prestakuntzaren barruan proiektu bat egingo dutelako, beren komunitateetarako. Lehen astean hasitako generoari buruzko bigarren tailerra ere izan da asteon Yamili Chanen eskutik.
Astearte goiza Iñaki Martinez de Lunarekin eman dute, egoera soziolinguistikoa diagnostikoa egiten. Arratsaldean, EMUN kooperatibaren lana ezagutu ostean, Bizkarsoro filma ikusi dute.
Datozen egunetan Araban, Lapurdin eta Nafarroan izango da Adituko taldea. Hala, asteazkenean Gasteizen Lurdes Auzmendi Itzulpengintza eta interpretazioari buruz mintzatuko zaie. Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-Politikarako sailburuordetzan harrera egingo diete parte-hartzaileei; arratsaldean Izaskun Arrue Kulturgunean praktikei buruz ariko dira.
Ostegun eta ostiralean Lapurdin ibiliko dira Adituko parte-hartzaileak. Biriatuko ikastola bisitatuko dute lehendabizi, eta gero Baionan Plazarako lagunekin ezagutuko dute Iparraldeko egoera soziolinguistikoa Zizpa gaztetxean.
Biharamunean, Saran haureta gazte-literaturako azokan izango dira, eta Kanalduderen proiektua ezagutuko dute hurrena. Eguna Nafarroan amaituko dute, Elizondon egingo den sentsibilizazio-saioarekin.
Larunbatean, Amaiurren Euskal Herriko historiara sarreratxo bat izango dute, Aretxabaletara itzuli aurretik.