Amaitu berri den aurtengo Aditu ikastaroa (Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazioa) emankorra izan da zentzu guztietan, eta parte-hartzaile guztiek utzi dute euren ekarpena. Dena den, lankidetza-ildo berriak uztartzeko aukera ere eman digu. Hain zuzen, Garabide Kultur Elkarteak eta Yvy Marãe´ ỹ Fundazioak lankidetza-harremana sinatu dute. Hitzarmen honen helburua, gure jatorrizko hizkuntza eta hizkuntz komunitateen, euskara eta Paraguaiko guarania, indartzeko prozesuetan lagundu nahi da.
Yvy Marãe´ ỹ Fundazioko sortzaile eta zuzendaria den Miguél Ángel Verón Gomezek eta Garabideko lehendakaria den Iñaki Martinez de Lunak sinatu dute hitzarmena pasa den urriaren 30ean. Hain zuzen, Miguél Ángel Verón Gomez, aurtengo Aditu ikastaroko parte-hartzaileetako bat izan da, Paraguaiko guaranien komunitateko ordezkari gisa.
Hitzarmen hau sinatuta, bi erakundeok konpromisoa hartzen dugu gure hizkuntza-komunitateetako prozesuak indartzeko elkarren arteko lankidetza-moduak bilatzeko (prestakuntza-programa, aholkularitza espezializatu edota esperientzia trukeetan zehaztuz). Bi elkarteok bi hizkuntza-komunitateen arteko zubi-lana egingo dugu, lankidetzan lagun dezaketen beste eragile kultural, hezitzaile, politiko, instituzional, komunikatibo edo bestelakoekin harreman-sareak osatuz.
Paraguaiko guaranien hizkuntza-komunitatea: ofiziala izan arren, arriskuan
Guarani hizkuntza Paraguain, Argentinan, Brasilen eta Bolivian hitz egiten da, 50 dialekto baino gehiagoren baitan. Paraguain, hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera 1992. urtetik (gutxi-gorabehera zortzi eta bederatzi milioi hiztun inguru ditu, eta biztanleriaren %80ak hitz egiten du). Hala ere, harreman diglosikoa dauka gaztelaniarekin; estatu mailako hizkuntza-politika kolonialistek ahozko eremura mugatu dute, eremu informaletara eta landa-eremuetara. Horren ondorioz, familietan hizkuntza-transmisioaren etena gertatzen ari da, eta Paraguaiko hezkuntza-sistema, berez elebiduna bada ere (guarani-gaztelania), egunerokotausnean guarania gaztelaniak ordezkatzen du.
2010. urtean, Hizkuntzen 4251/10 Legea onartu zen, eta horri esker Hizkuntza Politiketarako Idazkaritza eta Guarani Hizkuntzaren Akademia sortu ziren. Zoritxarrez, gutxi aurreratu da Estatuaren partetik bere plangintza funtzionalean; hau da, hizkuntzaren normalizazioa une honetan ez da bere euskarri, bitarteko eta funtzio komunikatzaile guztietan garatzen.
Miguél Ángel Verón Gomez, Yvy Marãe´ ỹ Fundazioaren ordezkaria
Yvy Marãe´ ỹ Fundazioa Paraguaiko erakunde bat da, eta kultura eta hizkuntz anitzdun herrialdea eraikitzen laguntzea du helburu. Horretarako, kultura eta hizkuntza-eskubideak errespetatzea aldarrikatu, estatuan zein gizartean guaranieraren eta gaztelaniaren erabilera hizkuntza ofizial gisa parekatzeko dinamikak eraiki eta hizkuntza indigenek eta pertsona orok bere hizkuntzan bizitzeko duen eskubidea sustatu eta defenditzen ditu.
Miguel Ángel Verón Gomezek jarri dio ahotsa Paraguaiko guaranien komunitateari aurtengo Aditu ikastaroan, Yvy Marãe´ ỹ Fundazioaren ordezkari gisa. Guaranieraz eta gaztelaniaz hitz egin eta idazten du. Letretan, Guarani hizkuntzan eta Guarani-Gaztelania Hezkuntza Elebidunean lizentziatua da, eta guarani hizkuntzan magistratua eta doktorea ere bai. Itzulpengintzan eta Hizkuntzen Zientzian Doktoretza-programa burutu du Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta une honetan bere tesia prestatzen ari da.
Irakasle erretiratua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; gaur egun, Asuncióneko Unibertsitate Nazionalean dihardu irakaskuntzan. Yvy Marãe'ỹ erakundearen baitan, Kultura eta Hizkuntza Ikasketetako Goi Mailako Institutu Teknikoko sortzailea da, eta Guarani Hizkuntzaren Akademiako kidea. Hizkuntza Politiketarako Idazkaritzako Hizkuntza Plangintzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria izan zen, non bertan alor administratiboan hizkuntza guaraniaren erabilera normalizatzeko hainbat proiektu sustatu zituen. Yvy Marãe'ỹ erakundetik hizkuntzaren aktibazioa eta hizkuntza-politikak sustatzen ditu erakundeen saretzearen bidez, hizkuntzaren erabilera soziala garatuz, eta lurraldeko hizkuntza-ekologia zainduz.
Miguel Ángelek ikerkuntzan eta argitalpen-lanetan dihardu; hainbat liburu idatzi eta argitaratu ditu. Hizkuntzen eta Kulturen Ikerketa ardatz duen Ñe'ẽ aldizkariaren zuzendaria eta sortzailea ere bada.













2020 Garabide