Albisteak

"Biharko Taupada" jardunaldia (Getxo, 2026-06-04)
"Biharko Taupada" jardunaldia (Getxo, 2026-06-04)

Euskara biziberritzeko mugimendu ezberdinetako kontakizunek josi dute “Biharko Taupada”.

2026/06/08

Begirada intersekzionala izan zuen ardatz Getxoko Romo Kultur etxean egindako Biharko Taupada jardunaldiak. Urtero Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak antolatzen duen Taupada jardunaldia, BIHAR Nazioarteko Kongresuarekin uztartu da aurten, eta horren emaitza izan da jardunaldi hau, Ertzak hurbilduz, hizkuntzen inguruko kontakizunak josten izenburupean.

Jardunaldiari hasiera ekimenaren babesle izan diren eragileek eman zieten: Getxoko Udala (Irantzu Uriarte Euskara zinegotziaren bidez), Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia (Miren Saiz teknikariaren bidez), Bizkaiko Foru Aldundia (Isaac Amezaga, Euskara zuzendariaren bidez) eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua (Irati Iciar lehendakariaren bidez). Euskarabideak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ere babestu dute proiektua. Era berean, BIHAR egitasmoaren lau antolatzaile nagusiek ere hartu zuten hitza: Soziolinguistika Klusterra (Belen Uranga teknikariaren bidez), Plazara Kolektiboa (Kimetz Perez ikertzailearen bidez), Garabide Elkartea (Iñaki Martinez de Luna lehendakariaren bidez) eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua (kasu honetan, Jasone Mendizabal zuzendariak hartu zuen hitza). BIHAR egitasmoaren oinarrizko zertzeladak aurkeztu zituzten, irailean egingo den Nazioarteko Kongresuaren harira.

Segidan, Hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko kontakizunen oihartzuna azpimarratuz, Julene Samuel eta Manuel Moreno Taupako kideek, BIHAR egitasmoaren bigarren fasea izan den Sozializazio fasearen nondik norakoak aurkeztu zituzten, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzak euskalgintzarekin zein Euskal Herriko bestelako gizarte mugimenduetan inplikatutako eragileekin partekatuz. Egindako ikerketak lau dimentsio nagusi dituela adierazi zuten: dimentsio sinboliko-ekologikoa, politika eraldatzailea, balio pragmatikoa eta erantzukizun partekatua. Guztira hamar lan-saio bikoitz antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta 100 eragiletik gora aritu dira ikerketa ezagutu eta ondorioen baitan hausnartzen. Dena den, ikerketa osorik BIHAR Nazioarteko Kongresuan aurkeztuko da irailaren 23tik 26ra bitartean (Bilbon, Irunen eta Hendaian).

Atsedenaldiaren ondoren, Onintza Olaizola, Taupako Herrigintza arloko arduradunak bideratutako mahai-ingurua burutu zen, “euskaltzaletasuna modu berrietan pentsatzeko gonbidapena” eginez, eta “ez nortasun itxi gisa, baizik eta gero eta jende gehiagok partekatu dezakeen konpromiso ireki gisa”. Zentzu horretan, Miren Artetxe irakasle, ikertzaile eta bertsolariak, Aritz Landeta politologo eta ikertzaileak eta Leo Bueriberi artista, komunikatzaile eta militanteak euskara ardaztu zuten feminismoaren, mugimendu ekosozialaren eta antiarrazakeriaren ikuspegitik.

Miren Artetxeren esanetan, euskalgintzan intersekzionalitate ikuspegia egon badago, baina ez da orokorra eta partekatzeko ez dago eremurik. Bere ustez, “intersekzionalitatea landu nahi bada, datuen banaketa soila egitea ez da nahikoa”. Aritz Landetak, gaur egun pairatzen dugun krisi ekosoziala hizkuntzarekin lotu zuen, “energia merke eta ugariaren aroak, dominazioaren eta gaitasunaren handitzea” dakarrela esanez, “bai gizakiaren dominazioarekiko eta bai globalizaziotik eratorritako dominazio kulturalekiko ere”. Horrek guztiak, azkenerako zapalkuntza egoeran dauden herri, kultura eta hizkuntzen egoera are gehiago kaskartzen dutela ere nabarmendu zuen. Leo Bueriberik, ostera, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta, ama hizkuntza, euskaldun zahar edo identitatea bezalako kontzeptuen inguruan hausnartu zuen, eta hizkuntzen bizikidetza ez dela Euskal Herrian bakarrik gertatzen nabarmendu zuen, “askotan errealitate horretaz ez garela konturatzen” azpimarratuz.

Jardunaldia amaitzeko, bertaratutakoek aukera ere izan zuten beraien iritzi, uste edo pertzepzioak mahai-ingurukoekin partekatzeko.

BIHAR egitasmoa jada Nazioarteko Kongresura begira jarri da, diagnostikoaren eta sozializazioaren ostean. Esan bezala, Kongresua datorren irailaren 23tik 26ra ospatuko da Bilbo, Irun eta Hendaia artean. Bertako jardunaldietan izena emateko aukera zabalik dago ekimenaren webgunean.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus