Euskal Herriko Eskola Txikiak eta maputxeen bi haur-eskolak elkartu zituen formazioa pasa den ostiralean, apirilaren 17an izan zen, online. Formazio honen baitan, murgiltze ereduko eskolak antolatzeko ideia eta esperientziak partekatzea helburu, bi saio garatu ziren: Lehen saioa Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Margari Eizagirre eta Eider Amundarainek gidatu zuten, eta bigarrena Eskola Txikien sareko Elena Laiz eta Mikel Goñik. Haur Hezkuntzan eskarmentu handia duten aditu hauek euren eskoletako esperientzia, estrategia eta antolaketa moduak elkarbanatu zituzten.
Maputxeei dagokienez, Saavedra udalerriko Mapuzugun Ñi Choyüm eta Temuco hiriko (hau zein aipatu aurreko udalerria Txileko estatuan daude) Txempeyem Mapuzugun Mew haur-eskoletako kide zenbaitek parte hartu zuten. 2022-2023an zabaldutako eskola hauek aitzindari dira, lehenengoak baitira Wallmapun (maputxeen lurraldean) murgiltze eredua eskaintzen eta eskolan haurrak mapuzugun hizkuntzan murgiltzen. Haur-eskola hauetako lagunek ere euren ibilbide, funtzionamendu zein egungo egoeraren berri eman zuten. Eta adierazi zutenez, zailtasunak zailtasun, gero eta familia gehiagok nahi dute euren haurrak eskola hauetan mapuzugunez murgiltzea.
Eduki zein sentimenduz betetako formazio saio hauetan honako alor hauek jorratu ziren bereziki: ahozkotasunaren lanketa sistematikoa, adin mugaz haragoko ikasgela tematikoak, diziplinarteko proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, naturan ikastea, familien parte-hartzea eta talde interaktiboak, eskolaz kanpoko ekintzak, eta komunitatea eraikitzea.
Txikitasunetik eta (adin) aniztasunetik eskola eder eta bikainak sor daitezkeela ere ikusi eta sentitu ahal izan zen. Horrelako zerbait da baita ausardia eta kemena darien maputxe hauen jomuga ere, mapuzugun hizkuntzaren biziberritzea ortzimugan, mapuzugunetik eta mapuzugunez haurrak zoriontsu izango diren eskoletarako kalitatezko hezkuntza proiektuak eraikitzea. Bide horretan, kimün (jakintza) eta kelluwün (eskuzabaltasun) handiko lagun apartak aurkitu dituzte Euskal Herriko Eskola Txikietan













2020 Garabide