Errenteriako ikastetxeetan kultura aniztasuna aitortu eta balioan jartzea helburu duen hezkuntza proiektuak mugarri garrantzitsua bete du aurten: bost urteko ibilbidea.
2025-2026 ikasturtearen hasierarekin batera, Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Giza Eskubideak sailak eta Garabide Elkarteak berriz ere martxan jarri dute “Kultura aniztasuna gure eskoletan eta horren balioa komunitateen arteko elkarbizitzarako” izeneko ekimena. Aurtengoan sei dira parte hartzen ari diren ikastetxeak: Koldo Mitxelena BHI, Egiluze Ikastetxea, Cristobal Gamón BHI, Orereta Ikastola, Telleri-Alde Ikastetxea eta Bizarain Ikastetxea.
Urte hauetan zehar, proiektua sendotzen joan da, eta dagoeneko 1.000 ikasle eta hezkuntza arloko profesional baino gehiagok parte hartu dute bertan. Urtez urte metodologia eta edukiak berritzen eta egokitzen badira ere, oinarrian helburu bera mantentzen da: hezkuntza komunitatean kultura aniztasunaren inguruko hausnarketa kritikoa sustatzea, hizkuntzei eta bereziki hizkuntza gutxituei balioa emanez.
Saioetan zehar, hainbat gai lantzen dira ikuspegi kritikotik. Besteak beste, komunitate kulturalen aniztasuna eta haien ezaugarriak aztertzen dira, baita munduko kulturen homogeneizazioaren eta ingurune hurbileko aniztasunaren hazkundearen arrazoiak ere. Horrez gain, diskriminazio egoerak eragiten dituzten kategoria eta identitate anitzak jorratzen dira, eta hizkuntzek zein kulturek pertsonen garapenean eta nortasunaren eraikuntzan duten garrantziaz hausnartzen da.
Proiektuaren arrakastan funtsezkoa izan da Errenteriako bizilagunen eta Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako hizkuntza aktibisten parte-hartzea. Haien ekarpenek eta testigantzek aurrez aurreko truke kulturalak ahalbidetu dituzte, eta ikasleen artean aniztasunarekiko jarrera irekiagoa eta inklusiboagoa sustatu dute.
Bost urteko ibilbide honetan, proiektuak hezkuntza komunitatearen barruan aniztasunaren, errespetuaren eta elkarbizitzaren aldeko konpromiso sendoa erakutsi du, Errenteria kultura-aniztasuna aberastasun gisa ulertzen duen herri gisa sendotuz.













2020 Garabide