Albisteak

Caucako nasek Toribion martxan duten hizkuntza biziberritzeko proiektuak nazioarteko aitortza jaso du

2025/11/05

Linguapax Kataluniako Gobernuz Kanpoko Elkarteak saritu du nasen biziberritze prozesua. Linguapax munduko hizkuntza aniztasuna balioan jarri eta babestea helburu duen elkartea da, nazioarteko sare zabala du, bere Aholkularitza Batzordean askotariko jatorri duten akademikoak biltzen dira eta kontinente guztietan dute delegazio bana.


Hala, urteak daramazkite nazioarteko esperientzia bat saritu eta nabarmentzen, eta oraingoan Garabidek akonpainatzen duen Caucako nasek Toribion martxan duten biziberritze prozesua aukeratu dute. Linguapaxek Toribioko esperientziaren izaera berritzailea eta komunitatearekin duen lotura azpimarratu du. Horrez gain, belaunaldien arteko irakaskuntza estrategiak sortzeko saiakera ere aipatu dute Linguapaxetik, haurrentzako murgiltzeko eredutik, helduen irakaskuntza eskoletaraino. Guzti hori, “eguneroko bizipen kultural eta komunitarioetan oinarritutako metodologia eta bitartekoekin, landa-lana, musika eta ezagutzen ahozko transmisioa. Eredu horrek jende nagusia eta gazteak lotzen dituen, nortasuna berreskuratzen duen eta jarraitzeko itxaropena sortzen duen “sare kolektiboa” bultzatzen du” gaineratu dute. 


Azkenik, proiektuaren nazioarteko hedapena ere azpimarratu dute, nasek loturak baitituzte Hego Amerikako jatorrizko beste herri batzuekin, eta Europan, Euskal Herriarekin. 


Sariaren ekarpen ekonomikoa jatorrizko hizkuntzetan ari diren rap abeslariak bilduko dituen jaialdi bat ospatzeko erabiliko da. Horren bitartez, gazteak biziberritze prozesura engaiatzea lortu nahi da.  


Nasek hunkituta jaso dute saria, orain arte egindakoa bidearen aitortza gisa bizi dute eta aurrerantzean prozesuan sakontzeko indarrak eman dizkiela aitortu dute. 

 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus