Albisteak

Larunbateko itxiera-eguna, hilak 26, herri-mobilizazio ibiltari eta ireki baten bidez burutuko da, Hendaian
Larunbateko itxiera-eguna, hilak 26, herri-mobilizazio ibiltari eta ireki baten bidez burutuko da, Hendaian

BIHAR: kongresutik harago, eskaintza kulturalak eta herri-mobilizazio bat

2026/09/21

BIHAR Nazioarteko Kongresua ez da hitzaldi eta mahai-inguruetara mugatuko. Ostegunean, hilak 24, ostiralean, hilak 25, eta larunbatean, hilak 26, jarduera anitzez gozatzeko aukera izango da Irunen eta Hendaian zehar.

Hitzordu hauek Hendaiako geltokian, Borderline fabrikan emango dira. Sarrera doakoa izango da, eta edateko zein jateko aukera izango da bertan; hala ere, izena aurrez eman beharko da.

Bisita gidatu batek, ipuin-kontaketek, musika saioek, dantzaldi batek eta kontzertuek osatzen dute egitaraua: lau hitzordu, elkar ezagutzeko, dantzatzeko, entzuteko eta kantatzeko antolatuak. Munduko lau bazterretarik etorritako aditu eta aktibistekin biltzeko aukera eskaintzen da, giro herrikoi eta kulturarteko batean.

 

Irailak 24, osteguna

  • 18:00 - 20:00: Hendaiako bisita gidatu politiko-kulturala, Iban Réginer gida eta artistarekin (abiatzea Borderline fabrikatik)
  • 20:30 - 21:30: Elimberri taldearen kontzertua: Pantxix Bidart eta Primaël Montgauzi artistek euskal eta okzitaniar kulturen arteko topaketa poetikoa eskainiko digute

 

Irailak 25, ostirala:

  • 19:00-20:30: Kiki & Jose taldearen eskutik dantzaldia. Kulturen arteko dantzaldi parte-hartzailea izango da, dantza eta musikaren arteko elkarrizketa eskainiz
  • 21:00-21:45: An Tec'h (Breizh) taldearen kontzertua (Breizh). Bere hizkuntzan sortzeko hautua egin duen Bretainiako talde gazteak kontzertua eskainiko du
  • 22:00-22:45: RTZ kolektiboaren kontzertua. Baionako rap talde bizi honek, gai sozial eta politikoak jorratuz, musikaren bidez XXI. mendeko jendartearen argazki errealista eskainiko digu.

 

Irailak 26, larunbata:

Herri-mobilizazio ibiltari eta ireki batekin joko du gailurra BIHAR Nazioarteko kongresuak, Joan Petit pertsonaia historikoaren irudia gogoan.  1643ko Croquants-en altxamenduaren buruetariko bat izan zen, botere errealaren aurka. Bere etxea suntsitu zuten mendekatzeko, eta tortura jasan zuen. Gertakari horrek bizirik iraun du herri-memorian, batik bat bere izena daraman kantu tradizionalaren bidez. Carrieras Occitanas mugimenduko lagunekin, egurrezko etxe bat eraikiko da haren irudira, eta hogei bat lagunek besoetan eramango dute. Horrela bada, azken adierazpena irakurriko den teilatu bihurtuko da egurrezko etxe hau.

Hauxe izango da eguneko egitarau osoa (doakoa izango da eta kasu honetan ez dago aurrez izenik eman beharrik)

  • 10:30: Joan Petit militante okzitaniarraren etxeari harrera (Irun, Ficoba)
  • 11:00: Desfile musikatuaren hasiera, Ficobatik, Donibane zubi txikira arte (Irun eta Hendaia arteko mugan)
  • 11:15: Manifestuaren irakurketa Donibane zubi txikian egingo da. Irakurketa eleaniztuna izango da, txalaparta eta dantzarekin lagunduta
  • 12:00: Azken ekitaldi gisa, zintzur bustitzea egingo da Borderline fabrikan.

Azpimarratzekoa da, irailaren 26a, Europako hizkuntzen eguna izanik, guk Europatik mundura zabalduko dugula hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria.

Aipatutako ekimenetara etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

 

BIHAR Nazioarteko Kongresua: Informazio gehiago

Plazara Kolektiboak, Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak eta Garabide Elkarteak, elkarrekin antolatu dute BIHAR egitasmoa, "Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua" lelopean. Asteazkenetik (hilak 23), larunbatera (hilak 26), hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak ekarriko dira erdigunera. Ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur eta arte adierazpena uztartuko dira. Nazioarteko hainbat aditu, eragile eta artista bilduko dira 40 hizkuntza-komunitate inguru ordezkatuz.

Ekimenaren nondik-norako guztiak (diagnostiko eta sozializazio faseak), egitarau osoa, hizlarien informazioa... BIHAR Nazioarteko Kongresuaren webgunean aurkituko dituzue

 

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus