Albisteak

BIHAR Kongresuaren aurkezpena (Ficoba, Irun, 2026-09-09)
BIHAR Kongresuaren aurkezpena (Ficoba, Irun, 2026-09-09)

BIHAR Kongresuak hizkuntza komunitate gutxituen biziberritzeari buruzko nazioarteko eztabaida ekarriko du Euskal Herrira

2026/09/09

Plazara Kolektiboak, Soziolinguistika Klusterrak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak BIHAR Nazioarteko Kongresuaren azken xehetasunak eta egitaraua aurkeztu dituzte proiektuaren babesleekin batera gaur Irunen (Ficoban). "Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua" leloa daraman kongresuan, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak ekarriko dira erdigunera, hainbat gaiekiko lotura egingo delarik: identitatea eta ezagutza komunitarioa, komunitateen aktibazioa eta hizkuntzen agentzia, hizkuntza- eta kulturabiziberritzearen inguruko iruditegi partekatuak, teknologiaren eta adimen artifizialaren ekarpenak, besteak beste.

Irailaren 23tik 26ra egingo da BIHAR Nazioarteko Kongresua, Bilbo, Irun eta Hendaia artean eta ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur eta arte adierazpena uztartuko dira. Nazioarteko hainbat aditu, eragile eta artista bilduko dira 40 hizkuntza-komunitate inguru ordezkatuz. 

 

Lau egun, hiru herri eta askotariko ikuspegiak

Irailaren 23an emango zaio hasiera kongresuari Bilbon, Euskalduna Jauregian. Irailaren 24an eta 25ean, Irunen, Ficoban, izango da egitarauaren muina, eta Hendaian ere izango dira kultur ekitaldiak, Borderline Fabrikan. Irailaren 26an, kongresuaren itxiera eta adierazpenaren sozializazioa egingo dira. Gorane Ayesta, egitasmoko koordinatzaileak eta Garabideko kideak adierazi duenez, irailaren 26a Europako hizkuntzen eguna izango da, eta hau kontuan izanda, fokua mundu mailan kokatuko dute. Goizean, hizkuntzen altxatze kolektibo eta ibiltaria antolatu dute Ficobatik Borderlinera.

Egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta kultur proposamenak bilduko ditu, munduko hainbat hizkuntza komunitatetako aditu, aktibista eta artisten parte-hartzearekin. Egitarau osoa eta parte-hartzaileen informazioa bihar.eus webgunean daude ikusgai.

 

Proiektuak babes zabala jaso du ibilbidean zehar

BIHAR egitasmoak hainbat erakunde publiko eta instituzionalen babesa jaso du: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskarabidea-Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko eta Beasaingo Udalak eta Euskal Kultur Erakundea.

Gaurko aurkezpenean, erakunde babesleen ordezkariek BIHARren garrantzia eta proiektuarekin duten konpromisoa azaldu dituzte.

Francisco Javier Cortés, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren esanetan, hizkuntzen biziberritzeak eta hizkuntza-aniztasunak nazioarteko lankidetzaren ikuspegitik ere garrantzi estrategikoa dute. Bere hitzetan, gaur egungo mundu aldakorrean, erronka globalak tokiko errealitateekin lotzea eta garapen-eredu gizatiarrago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ezinbestekoa da. Ildo horretan, lurraldearekiko pertenentzia-sentimendua aktibatzea eta komunitateek erronka kolektiboei aurre egiteko dituzten gaitasunak indartzea funtsezkoa dela nabarmendu du, eta hizkuntza prozesu horretan giltzarrietako bat dela azpimarratu du.

Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, hizkuntzen biziberritzea nazioarteko ikuspegitik lantzearen garrantzia azpimarratu du. Aldasororen arabera, hizkuntzen inguruko kontakizun berriak eraikitzeak kulturari, identitateari eta herri gisa etorkizunean izan nahi dugunari buruzko galderak ere mahai gainean jartzea eskatzen du. Era berean, nazioarteko komunitateei begiratzea eta beste esperientzietatik ikastea aberasgarria dela nabarmendu du, ikuspegi anitzek hizkuntzen biziberritze-prozesuak indartu baititzakete.

Javier Arakamak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, berriz, hizkuntza-aniztasuna babestearen eta hizkuntza-ondarea zaintzearen garrantzia azpimarratu du. Egungo mundu globalizatuan hizkuntza-aniztasunak berezko balioa izateaz gain, komunitateentzat eta gizartearentzat onurak ere badituela nabarmendu du, eta ikerketa zein gizarte-ekimena hiztunak eta komunitateak aktibatzeko tresna garrantzitsuak direla adierazi du.

Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak, hizkuntza-berdintasunaren eta hizkuntzen biziberritzearen aldeko konpromisoa aldarrikatu du. Bere esanetan, hizkuntza bat biziberritzeko lana ez da soilik hizkuntza baten aldeko hautu bat, baizik eta justiziaren, demokraziaren eta aniztasunaren aldeko apustua ere bada. 

Isaac Amezagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, hiru ideia nagusi nabarmendu ditu BIHARren testuinguruan: elkarlana, eredugarritasuna eta euskarari behar duen ikusgarritasuna ematea. Bere esanetan, pertsonen eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da aurrera egiteko; aldi berean, Euskal Herriko esperientziatik beste komunitate batzuek ikas dezaketen bezala, nazioarteko beste esperientzietatik ere asko ikas daiteke. Ildo horretan, euskararen alde lanean ari diren pertsona eta eragile ugarien lana ikusgarri egitearen garrantzia azpimarratu du, eta “gure txikitasunean handiak” izaten jarraitzeko beharra nabarmendu du.

Johañe Etchebestek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturaren gogoetan jarri du ikuspegia, bere hitzetan, “hizkuntza bat ez da soilik eskoletan, hiztegietan edo erakundeetan bizi. Hizkuntza erabileran, sorkuntzan, iruditerian eta pertsonen arteko harremanetan bizi da. Horregatik, kultura funtsezkoa da hizkuntza gutxituen biziberritzean.”.

Iosu Iguiñizek, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko ordezkariak, BIHAR Kongresua Irunen egiteak hiria eta, bereziki, euskara bera ikusgarri egiteko duen garrantzia nabarmendu du. Halaber, kongresuak herritarrak euskara erabiltzera eta euskaraz aritzera animatzeko aukera eskaintzen duela azpimarratu du. 

 

Kongresutik harago

Antolatzaileen helburua da BIHAR inflexio-puntu eta abiapuntu izatea, hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak berritzeko eta munduko komunitateen arteko elkarlana sendotzeko

Kongresua ez da ekitaldi isolatu bat izango, azken bi urteetan garatutako nazioarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza eta hurrengo urratsa baizik. Egitasmoa hiru fasetan egituratu da. Lehenengoan, nazioarteko diagnostikoa landu zen. Bigarren fasean, diagnostiko hori Euskal Herrian sozializatu da. Orain, prozesuak bere hirugarren faseari helduko dio: BIHAR Kongresua

Kongresuaren amaieran, parte-hartzaileen artean landutako adierazpena aurkeztuko da, eta hizkuntza komunitate gutxituen arteko lankidetza etorkizunean indartzeko sarea ere aurkeztuko da.

 

Prentsa agerraldian parte hartu dutenak:

  • BIHAR egitasmoko talde eragileko kidea, Imanol Larrea Mendizabal
  • BIHAR egitasmoko koordinatzailea eta Garabide Elkarteko kidea, Gorane Ayesta Maidagan
  • Bertsolaria, Martin Abarrategi Sarrionandia
  • Eusko Jaurlaritzako eLankidetza - Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria, Francisco Javier Cortés Férnández
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Aitor Aldasoro Iturbe
  • Nafarroako Gobernuko Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Arakama Urtiaga
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Garbiñe Mendizabal Mendizabal
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetzarako Zuzendaria, Ana Priede Merchan
  • Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Isaac Amezaga Larrazabal 
  • Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria, Johañe Etchebest
  • Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietarako Sailen zinegotzi ordezkaria, Eider Inuntziaga Serna
  • Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko ordezkaria, Iosu Iguiñiz Etxebeste 
  • Beasaingo alkatea, Leire Artola Ugalde

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus