Albisteak

Amazigh Karabana egin berri da Rifeko lurraldean

2025/09/09

Amsagar jer dyaspura d Arif: X wbrid n tgumi n tutlayt tarifit (Diasporaren eta Rifen arteko topaketa: tarifit hizkuntza zaintzeko bidea) lemapean, abuztuaren 27tik irailaren 5era, amazigh hizkuntza eta kulturaren aldeko 50 ekintzaile inguru bildu dira Alhucemas eta Nador artean. Ekintzaileetako hogei Europan, -Alemania, Frantzia, Belgika, Herbehereak, Katalunia eta Euskal Herrian zehazki-, finkaturiko amazigh diasporako kide dira, eta haien artean sare sozialetako eragileak, aktoreak, musikariak edota akademikoak zeuden. Bestetik, Rifeko ordezkaritza ere zabala izan da, Driuch, Alhucemas eta Nadorreko 30 lagun inguruk hartu dute parte egonaldian, eta hauen artean ere, hizkuntza eta kultura amazigharen aldeko ekintzaileak zeuden.

Proiektuaren helburua amazigh identitatea indartu, diaspora eta lurraldearen arteko loturak estutu, eta hizkuntza zein kultura amazigharen aldeko dinamiketan sakontzea izan da. Horretarako, hiru arlotan bereizitako ekintzetan parte hartu dute ekintzaileek; batetik, lurraldea eta bere historiarekin lotutako bisitak egin dituzte, bestetik, Rifeko historia eta gaur egungo errealitateri buruzko hitzaldiak eduki dituzte, eta azkenik, komunitate bezala dituzten etorkizuneko erronkei buruzko eztabaida eta tailerrak egin dituzte.

Euskal Herritik, Plazara eta Garabideko ordezkaritza bat presente egon da uneoro, eta aldez aurretik proiektuaren definizioan ere buru-belarri aritu dira bi elkarteetako kideak. Horrez gain, Jon Sarasua, Garabideko boluntarioak, hizkuntza gutxituen biziberritzearen inguruko gakoez hitzaldi bat eskaini zuen Nadorren.

Orokorrean oso balorazio positiboa egin da Karabanaz, parte hartzaileek egonaldia haien kultura eta hizkuntzaren alde egiteko indarberrituta amaitu baitute, eta gainera aurrera begirako proiektu berriak eraikitzeari ekin diote diaspora eta jatorrizko lurraldeko kideek elkarlanean.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus