Albisteak

Alba Velasquez zendu da, kaqchikel komunitateko eskola zuzendaria eta Aditu Ikastaroaren hirugarren edizioko partaidea

2020/09/18

Egun ilunak ditugu Garabiden, atzo bertan izan baikenuen beste bidelagun baten heriotzaren berri: Alba Velasquez Guatemalako kaqchikel komunitateko aktibista covid19 gaitzak jota zendu zen irangan irailaren 16an. Alba Ruk'u'x Qatinamit eskola sareko Ixmukane zentroko zuzendaria zen eta bertan kaqchikel hizkuntza bultzatzeko lan nekaezina egiten ari zen. 2016an Euskal Herrian izan genuen hiru hilabetez Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren hirugarren edizioko partaide gisa formazioa jasotzen eta komunitatera bueltatu zenean martxan jarri zuen hizkuntza biziberritze proiektuak bultzada eman zion eskolan kaqchikelaren alde egiten ari zen lanari. 2019an Tafallako Ikastolako eta Arizmendi Ikastolako ordezkariekin batera egonaldi bat egin genuen kaqchikel lurretan, Bidaide programaren aterpean hezkuntza esperientziak trukatzeko. Egonaldi horretan Albak bere eskolako ateak ireki zizkigun Tecpan-en eta eskola sareko irakasle guztienekin topaketa bat antolatzea lortu zen elkarrekin metodologian trebatzeko.

Izena eta izana batzen zituen emakume argia, bere lana betirako utzi diguna. Gaur hutsune handia sentitu arren, balio beza Albaren memoriak hizkuntzen biziberritzean katebegiak lotzen jarraitzeko, elkarlanean eta eskuzabal beti. Hona bere esanak, gaur inoiz baino ozenago gugan taupaka:

Garabidetarrok doluminak luzatu nahi dizkiegu senitarteko, lagun eta kideei, minean ere lagun gaituzue.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus