ADITU Ikastarora etorritako parte-hartzaileek Bilbon amaitu zuten formazioaren alde teorikoa, praktialdia hasi aurretik.
Bizkaiko bisita Kafe Antzokian hasi zuten, Zenbat Garako lagunekin. Antzokiaren esperientzia azaltzeaz gain, euskaltegia eta Bilbo Hiria Irratia ezagutzeko aukera ere izan zuten.
Biharamunean, Ibaizabalen behera San Inazioraino joan gara, bertan baitago Euskararen Etxea. Han, gure hizkuntzari buruzko erakusketa interaktiboan murgildu ziren, asteotan ikasitakoak eta beste hainbat zertzelada eta detaile berri ikasiz. Leku berean, beste esperientzia berezi baten berri ere izan zuten ADITUko parte-hartzaileek, EuskarAbenturako antolatzaileek egitasmoaren nondik norakoak azaldu baitzizkieten. ez ziren izan taldetik egin zizkieten galderak; proiektuak piztu zuen interesaren seinale!
San Inaziotik Zazpikaleetaraino etorri ziren, Bilboko txokoetan barna. Kalderapeko tabernan bazkaldu ostean, Txakur kaleko leku berean AEKren egoitza bisitatu zuten, helduen euskalduntzearen historia eta gaur eguneko erronken berri izateko. Ezin AEKko bisita amaitu Korrikaren berri izan gabe, noski. Euskararen aldeko ekimenik erraldoienetakoaren detaileak eta ñabardurak azaldu zizkieten, eta 2026ko edizioa hasteko hilabete batzuk falta diren arren, ADITUko parte-hartzaileek Korrikaren lekukoa ikusi eta, gelatik irten gabe izan arren, eskuz esku pasatzeko aukera izan zuten.
Praktikaldia, azken txanpa
ADITU formazioaren programa bateratuak eman du berea, baina oraindik aste eta erdi emango dute parte-hartzaileek Euskal Herrian. Helduen zein haurren hezkuntzan, hedabideen eremuan, hizkuntzaren estandarizazioan eta beste hainbat eremutan egingo dituzten praktiketarako talde txikiagoetan banatutako bisitak izango dira datozen egunetan. Era berean, han-hemenka egingo diren sozializazio saioetan ere parte-hartuko dute beren herrietako hizkuntzen egoeraren berri ematen.













2020 Garabide