Albisteak

Ordezkaritza kurduaren Euskal Herriko egonaldia

2015/12/04
Abenduaren 5etik 11ra bitartean sei hizkuntza aktibista kurdu izango dira Euskal Herrian, euskararen berreskurapen esperientzia ezagutu, eta hizkuntza komunitateen arteko esperientzia trukean sakontzeko bidaidetzan.

Egonaldia “Bidaide” proiektuaren baitan kokatzen da, eta aurrez hizkuntza kurduarekin Garabide elkarteak duen esperientzia truke iraunkorraren jarraipena da.

Euskal Herrian izango diren kurduak

  • Mehmet Şerif Derince
    (Diyarbakir-Ameden Kurdistango hiriburuko hizkuntza eta hezkuntza arduraduna. Miloi bat biztanleko hiria da, Kurduek kudeatzen duten erakunde handiena)
  • Ali Erdemirci
    (Diyarbakıreko Institutu Kurduko kidea)
  • Yusuf Emmioglu
    (Teachers' Union taldeko kidea)
  • Osman Yılmaz
    (Mardin udaleko kidea)
  • Şeyhmus Önal
    (Luzaroan hizkuntza aktibista izandakoa, eta Kurdish Authors' Association-eko kidea)

 

Egonaldiaren zirriborro plana

Abenduak 5 (larunbata)
Sei hizkuntza aktibisten iritsiera Euskal Herrira

Abenduak 6 (igandea)
- Euskararen berreskurapen gakoak
- Hizkuntza kurduaren egoera eta desafioak
- Hezkuntza eta hizkuntzaren biziberritzea

Abenduak 7 (astelehena)
- Hizkuntza berreskuratzeko arloak: hedabideak, enpresa,…
- Goienara bisita
- Arantzazura irteera

Abenduak 8 (asteartea)
- Durangoko Azoka

Abenduak 9 (asteazkena)
- Erakunde publiko lokalen hizkuntza-plangintzak
- Emun: Lan mundua euskaratzen

Abenduak 10 (osteguna)
- Prentsa gosaria (Goizeko 9:30ean Donostian: Hemen prentsa oharra)
- Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara plangintza
- Harrera instituzionala
- Martin Ugalde bisitatu  (Soziolinguistika Klusterra eta Kontseilua)
- Kilometroak ekimena ezagutu
- Karkara herri aldizkaria

Abenduak 11 (ostirala)
- Arizmendi ikastolara bisitaldia
- HUHEZI Unibertsitatearen esperientzia
- Agur jaia

 

Kurduak

Kurdua estaturik gabeko jatorrizko hizkuntzarik mintzatuenetakoa izateaz gain, Ekialde Ertaineko 5 estatutan eta Europako eta Ekialde Hurbileko  diasporako hirietan ere hitz egiten da.  Hizkuntza kurduaren historia herri kurduaren isla da, hizkuntza-komunitate handi batek bere geroa kudeatzeko izan duen eta duen bilakaera gorabeheratsua.

Une honetan Iraken bakarrik da ofiziala kurduera eta, Irakeko eta Siriako gerrek eraginda, kurduen esku dauden lurralde liberatuetan hizkuntza kurdua hezkuntza sisteman garatzen ari da eta esan dezakegu lehendabizikoz sortzen ari direla kurdueraz hezitako eta ikasitako belaunaldiak eta hau, aspaldiko aldarrikapena izateaz gain, erreferentziazko esperientzia da kurdu guztientzat.

Munduko beste bazter askotan bezala, hizkuntzaren egoeraren diagnostikoa egitean kultura gutxiagotuen artean tamalez ohikoak diren ezaugarriak aurkitzen ditugu:

  • Transmisioaren etena.
  • Kurduaren prestigioa higatuta.
  • Hizkuntzaren borrokaren zentralitate falta
  • Kurduaren erabilera funtzioak galduz joan dira

 

Hizkuntza berreskurapena

Kurdua biziberritzearen inguruko kontzientzia zabal piztu da lurralde kurduan. Horren adierazgarri aipa daiteke Rojavan, orain arte Siriaren mende egon den Kurdistanen, hezkuntza-sistema beren gain hartzearekin batera kurdua alfabeto arabiarretik alfabeto latindarrera aldatu izana.

Baina, Truke  egitasmo hau zehazten hasita, Turkiaren mende dagoen Kurdistanen zentratu beharra dugu, hara bideratuko baitugu ezagutza partekatzeko 2015eko esperientzia hau. Kurdistan turkiarrean (kokapen geografikoa adierazteko modu hau zilegi bazaigu) gorago aipatu ditugun ezaugarri berekin egiten dugu topo, diagnostiko bertsua egitera garamatzaten sintomekin, alegia.

 

Hizkuntza lankidetza

Esan dezakegu komunitate kurdua euren hizkuntza biziberritzeko egiten ari den lanak berebiziko garrantzia duela beste hizkuntza minorizatuetarako eredu gisa eta baiezta dezakegu normalizazio-prozesuak eragin eta proiekzio handia duela herrialdeetako eta inguruko gainontzeko komunitate gutxiagotuentzat. Horregatik Garabidek lehentasunezko eragin-esparrutzat du Ekialde Erdiko komunitate kurdua.

Une honetan gabezia bat aipatzekotan ikuspegi estrategikoaren gabezia eta plangintza orokorrik eza aitortu beharko genuke;  ekimenak badira han-hemenka, baina bakoitza bere aldetik, eta biziberritze-proiektu zatikatuaren irudia gailentzen da.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus