Albisteak

Maputxe arteko bizi-penak

2018/03/26

Maiteder Sasieta, GARABIDEko bulego teknikoko partaidea, Wallmapun izan berri da. Berari egindako elkarrizketan egonaldiaren nondik norakoak kontatzen dizkigu.

  • Nola sortu zen Garabideren eta Mapuzuguletuaiñ elkartearen arteko elkarlana?

Urte batzuk pasa dira Garabidek Wallmapuko maputxeekin elkarlana hasi zuenetik. Aurten Aditu ikastaroaren laugarren edizioa egingo dugu udazkenean, eta aurreko edizio guztietan egon da komunitate maputxearen presentzia. Mapuzuguletuaiñ elkartea, ordea, oso gaztea da, ez da urtebete pasa euren egoera administrazioaren aurrean legalizatu zutenetik. Garabideren Aditu Ikastaroetan parte hartutako jendeak bultzatutako elkartea da eta ederra da hemen ikasitakoa han praktikan nola jartzen duten ikustea. Esan bezala elkarte gaztea da, ilusio handiarekin lan egiten duena eta mapuzugun hizkuntzaren aldeko ibilbidean oztopoen gainetik salto eginez etenik gabe aurrera egiten duena. Helduen alfabetatzean jarri dute indarra eta horretan dabiltza buru belarri, kurtsoan zehar klaseak emanez eta udako oporraldian barnetegiak antolatuz.

 

  • Otsailean Wallmapura joan zinen Zornotzako barnetegiko irakasle batekin, zer dela eta?

2017ko urrian Garabidek antolatutako Ikastaldi Trinkoan elkarteko lehendakari ordea den Paula Huenumilla egon zen Euskal Herrian eta bisita batean Zornotzako Barnetegia ezagutzeko aukera izan zuen. Aurretik esan bezala udako barnetegiak antolatzen ditu Mapuzuguletuaiñ elkarteak eta Zornotzan egiten denak Wallmapun egiten denarekin bete betean jotzen duela konturatu zen. Momentu horretan Zornotzako Barnetegiak eta Garabide Elkarteak eginiko hitzarmen baten bitartez Mapuzuguletuaiñ elkartearekin elkartrukerako aukera ikusi zen eta baita halaxe egin ere. Euskal Herriko bi elkarteen artean hitzarmena sinatu eta otsailean Zornotzako irakasle den Maider Leibarrekin batera Wallmapura joan nintzen Mapuzuguletuaiñ elkarteak antolaturiko barnetegi batean parte hartu eta barnetegiaren diagnosi txosten bat egitera.

 

  • Zer moduz mapuzungun barnetegia? Zein ezaugarri dituzte?

Gauza guztien gainetik jarri beharrekoak hizkuntza ikasteko dauden gogoa eta ilusioa dira. 80 ikasle inguru bertaratu ziren barnetegira, oso urrutitik asko eta guztiek helburu bakarra zuten: maputxe zirenez gero mapuzuguna ikastea. Hizkuntza ikasteko ilusioak eraman zituen haraino eta nabarmena zen giro hori barnetegiko txoko guztietan. Euskal Herrian ez bezala jendea ez da titulua lortzeagatik joaten hizkuntza ikastera, euren izaerari, nortasunari eta herritartasunari eutsi nahi diotelako gerturatzen dira barnetegira. Horrek ikaragarri errazten du barnetegiaren jarduna eta hori baino motibazio hoberik ez dago hizkuntza bat ikasteko.

 

  • Labur bada ere, zein da mapuzungun hizkuntzaren egoera?

Aktore asko taularatzen dira eszenatoki gainera istorioak eboluzio erraz bat eduki dezan. Munduko hizkuntza gutxitu gehienekin gertatzen den moduan maputxeen kontrako errepresio historiko bat eman da hemen ere eta oraindik ere oso nabariak dira horren aztarnak egungo gizartean. Maputxeen herria duela mende bat arte oso aberatsa izan arren egun oso txiroa da eta egunerokotasunean bizirautea eta historikoki eurenak ziren jabetzak berreskuratzea lehenesten dute hizkuntzaren gaia alde batean utziz. Horretaz gain ezin ahaztu hizkuntza ez dela ofiziala eta horrek asko eragozten duela eskoletan hizkuntzaren presentzia eta hizkuntzarentzako gune berrien sorkuntza. Laburbilduz esan dezakegu egoera ez dela erraza eta euskararen historiarekin konparazio bat eginez oso hasieran daudela, baina ilusioa eta aurrera beldur gabe egiteko grina falta zaienik ezin esan.

 

  • Zertan  lagun diezaiekegu euskal esperientziatik maputxeei mapuzungun-aren irakaskuntzan?

Euskaldunok urte asko daramagu euskararen alde lanean, 50 behintzat bai. Urte horietan guztietan esperientzia pilatuz joan gara eta asko dira guri begira dauden komunitateak. Guk Euskal Herrian nola egin dugun erakutsi genien eta ez ezer irakatsi. Euskal Herrikoa erreferentzia bat da, maputxeek euren bidea egin behar dute gurea bezalako esperientziak inspirazio iturri bezala hartuz. Gu haien inspirazio iturri izan gaitezke, baina haiek gurea ere bai. Haiek duten ilusio eta hizkuntzaren bitartez naziotasuna lortu nahi hori itzalita dago Euskal Herriko zenbait lekutan. Haien ilusio horren zati bat ekarri nuen nik hemen gure bidean jarraitu ahal izateko.

 

  • Egonaldiaren helburuak bete dira?

Baietz espero dut!! Gu oso pozik etorri ginen, esperientzia hori bizi izanagatik emozioz gainezka eta gure indarraren parte bat han utzi izanaren sentsazioarekin. Barnetegiaren funtzionamendua hobetzeko hainbat aholku eman zizkien Maider Leibar irakasleak eta aurrera begira erabilgarriak izango direnaren esperantza daukagu.

 

  • Garabideren egitasmo honek jarraipenik izango al du?

Otsailean egindako egonaldia proiektu honen lehenengo partea baino ez zen izan. Uztaileko lehen hamabostaldian 3 maputxe etorriko dira Zornotzako Barnetegiko ikastaroetako batean parte hartzera eta bertan barnetegiak nola funtzionatzen duen ikasteaz gain klaseak programatzeko formazio saio batzuk ere jasoko dituzte. Garabidetarrak Euskal Herriko txoko politenak eta euskararen normalizazioan aktore izan diren eta maputxeenean lagungarri izan daitezkeenak erakusten ere saiatuko gara. Azken finean erraz ahaztuko ez duten egonaldia eskaini nahiko genieke.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus