Albisteak

Elkarlan hitzarmena Aurten Bai fundazioarekin

2018/02/08

Kandelario eguna hotz, negua motz dio errefrau zaharrak. Hotzetik bazuen aurtengoan ere otsailaren 2ak, baina bero gozoa ere ekarri zigun egunak. Auzolanaren garra piztu genuen Aurten Baik eta Garabidek, elkarlan-hitzarmena izenpetuz. Euskalgintza eta lankidetza beste behin hizkuntza-kooperazioaren eremuan uztarturik.

Mapuzugunaren, maputxeen hizkuntzaren, biziberritze-prozesuan garatzen ari den barnetegi-dinamika indartzea du xede hitzarmenak. Wallmapun, beraz, gorpuztuko da ekarpena. Lehenik, otsailean Mapuzuguletuaiñ erakundeak antolatutako mapuzugun-barnetegian hartuko dute parte bi erakundeetako ordezkari banak, Aurten Baiko Maider Leibak eta Garabideko Maiteder Sasietak. Barnetegietako irakasleak metodologian eta planifikazioan sendotzea da esku-hartze honen helburua. Ondoren,  eragile maputxeak izango dira Zornotzako Barnetegira etorriko direnak 12 eguneko ikastarora. Joan-etorriko honekin, hango eta hemengo esperientziak partekatuta, bultzada eman nahi diogu maputxeen hizkuntza helduen artean irakasteari.

Eta guk oraingoan maputxeen iturbegi zaharreko ur berria edango dugu. Hego urrunean dugu inspirazio-iturria aurten. Kandelarion elurretan sinatua, urte ederrean aitzinatua. Hala sentitzen dugu behintzat.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus