Yucatan (Mexico) eskualdeko Merida hiriko udaleko hiru kargudun etorri dira Euskal Herrira euskararen biziberritzearen esperientzia bertatik bertara ezagutzera: Karla Patricia Berrón Cámara Kultura eta identitate saileko zuzendaria, Josué Morelos Echeverría Ondarea Kontserbatzeko eta Zabaltzeko sailaren zuzendariordea eta Marcos Pech Caan Maien kultura indartzeko Udal Institutuko burua hain justu. 2024ko abuztuan sartu zen udal talde honek hasieratik hartu du maia biziberritzeko konpromiso sendoa.
3 eguneko egonaldi motz bezain emankorra egingo du hirukoteak, batez ere administrazioaren ikuspegitik euskararen normalizazio prozesuan nola eragin daitekeen ezagutu ahal izango baitute hainbat bisitetan. Donostiako Udalaren euskara saila, Basauriko Udal Euskaltegia, Goiena Komunikazio Taldea, Azpeitiko San Agustin Kulturgunea eta Gasteizko Udala izango dira bisitatuko dituzten erakundeak, helduen irakaskuntza, administrazio publikoa eta kultur sorkuntza-aisialdia arloak indartzera bideratuak.
Hain zuzen ere, hiru arlo horiek bultzatzea da Meridako Udaleko hizkuntza eta nortasuna biziberritzeko sailak lehentasunen artean daukana, eta Euskal Herriko esperientzia inspirazio iturri eta erreferente bilaka daiteke egonaldi honen ostean.