Albisteak

Wallmapu uztailean, uda hemen eta bero han

2019/09/11

Uztailak Euskal Herrian utzi zituen tenperatura beroei ihes eginez Wallmapuko negura joan ziren Maiteder Sasieta Garabidetarra eta Maider Leibar Zornotzako Barnetegiko irakaslea. Baina negu gorrian egon arren, han ere hotzik ez. Temucoko Mapuzuguletuaiñ Elkarteko maputxeak helduen irakaskuntzan buru belarri dabiltza azken urteotan, eta hartu duten martxak bero bero mantentzen ditu bazterrak. Panguipullin ere freskotasunik ez, mahaiaren bueltan bildutako Koz Koz Parlamentu Maputxeko kideek gau eta egun piztuta zegoen suak adina berotasun ematen baitzuten.

Iazko otsailean egindako lankidetza bidaian Mapuzuguletuaiñ Elkarteak antolaturiko barnetegiak ezagutzeko aukera izan zuen Garabideko delegazioak. Eskaera garbia izan zen orduan: “mapuzugun irakasleek formazioa behar dute”. Horri erantzun bat eman nahirik irakasle taldeko hiru pertsona etorri ziren 2018ko uztailan Zornotzako Barnetegira formazioa jasotzera. Orduan ere beste eskaera bat: “formazio hau mapuzuguna irakasten ari garen guztiok jaso beharko genuke”. Eta eskaera horri ere erantzuna ematen saiatu behar.

Uztailean Maider Leibar Zornotzako Barnetegiko irakasleak aste beteko ikastaroa eman zien Mapuzuguletuaiñeko kideei klase orduen planifikazioaren inguruan. Mapuzugunaren kurrikulum txikia sortu A1, A2 eta B1erako jakintza mailaketa eginez, eskolak zein modalitatetan emango diren erabaki (on line, barnetegi formatua eta presentziala) eta hiru modalitate horietarako A1erako unitate didaktikoak sortzen ikasi eta sortzen hasi. Lan bikaina inondik inora ere.

Panguipulli herrian egoitza daukan Koz Koz parlamentuko kideak oraintxe ari dira hizkuntzaren biziberritzearen inguruan estrategia bat lantzen. Politikoki ibilbide luzea dute, hainbat alorretan udalaren babesa lortzerainokoa. Inguruko nekazari maputxeek euren produktuak saldu eta urrutira joan gabe aurrera egin ahal izateko gunea dute, bilgune bezala erabiltzen duten egurrezko Ruka (etxea mapuzugunez) tradizional dotorea ere bai, eta kooperatibismorantz daramatzan ikuspegi zabala lagun. Hizkuntzaren jakintza eta erabilerarekin arduraturik gai horri helduko dion lantaldea osatu berri dute. Euskal Herriko esperientzia kontatzeko aukera izan zuten Garabidetarrek uztaileko bileran, tarte batez negua zela ere ahaztuz. Giroa bero bero han ere.

Gaueko freskurak gogora arazten digu Euskal Herrian udazkenerantz goazela, eguerdiko epelak maputxeei udaberria iristear dela. Eguraldia aldatuko da, baina bai hemen eta bai han barruak beti bero.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2019 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus