Eusko Jaurlaritzak ‘Ahots Batuak’ deituriko Garapen Jasangarrirako 18. Helburua aurkeztu zuen ekainaren 2an. Helburu berriak hizkuntza- eta kultura-aniztasuna balioan jartzen ditu gizartea eraldatzeko eragile gisa. Garapen Jasangarrirako 18. Helburuaren bitartez, eskubide horiek aitortzeko eta babesteko aliantza global handia sortu nahi da eta, horretarako, garapen zuzenago, inklusiboago eta jasangarriagoarekiko konpromisoa indartu.
Helburu horrek 2030 Agenda indartu eta gabezia handi bat beteko du: hizkuntzek eta kulturek gizarte-kohesio, ekitate, ongizate eta berrikuntzako elementu gisa betetzen duten funtsezko zeregina aitortzea.
‘Ahots Batuak’ ekimenaren aurkezpena Donostiako Tabakaleran izan zen eta bertan parte hartu zuen Garabideko lehendakaria den Iñaki Martinez de Lunak. Izan ere, helburuaren eta adierazleen lanketa prozesuan Garabide egon da, beste erakunde batzuekin elkarlanean.