Albisteak

GAUR ZORTZI HASIKO DA IKASTALDIA 16 BURUZAGI INDIGENEKIN

2019/09/20

Irailaren 30ean hasiko da GARABIDE Elkarteak Euskal Herrian antolatu duen Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldia” eta hilabetez luzatuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Beasaingo Udalak babesten duten formazio honen bigarren edizioa.

Urriaren 30 arte Euskal Herrian izango ditugun 16 partaideek euren herrietan gidaritza perfila dute –kargu instituzionalak, politikariak…– eta Euskal Herrian 180 orduko formazio intentsiboa jasoko dute hizkuntzak biziberritzeko gidaritzan. Guztira 10 hizkuntza gutxiagotutako 16 kide izango dira gurekin: Kitxua (Ekuador), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Amazigh (Rif, Maroko), Maputxe (Txile), Aimara (Bolibia), Guaraní (Bolibia) eta Kiche (Guatemala).

Ikastaroaren xehetasunei dagokienez, alor teorikoan euskalgintzako eta instituzioetako 16 aditu izango dituzte irakasle, tartean Belen Uranga, Jasone Mendizabal edo Patxi Baztarrika. Alde praktikoan, 19 irteera didaktikorekin osatuko da programa akademikoa, esate baterako Biriatuko Ikastola, Aiaraldea Ekintzen Faktoria edo Errigora nola sortu ziren ezagutzeko eta euskararen biziberritzean jokatzen duten paperaz jabetzeko. Hizkuntza Gidaritzari buruzko ikastaldi honek, gainera, Euskal Herria bustitzea du xede eta horretarako 10 sentsibilizazio ekintza antolatu dira, urriaren 2an Miarritzen Garabideren “Waye” dokumentalaren estreinaldiarekin hasi eta urriaren 29an “Hizkuntza Gutxituak:iraun ala bizi” hitzaldi sortarekin bukatuta.

Hilabete dugu aurretik Euskal Herrian barrena ibiltzeko, elkarrekin egindako bideaz ikasteko. Guztiaren berri emango dugu astelehenero Garabideren webgunean egindako kroniketan (idatziz eta bideoan) eta baita Facebooken, zein Twitterren. Herriz-herriko zitak gure webguneko agenda atalean dituzu eta jarraian ere bildu ditugu.
 

  • Irailak 24, asteartea, 19:00, Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteiz.

Egindakoaren kontzientzia izan: Euskararen biziberritze prozesuak izandako klabeak definitu

  • Jasone Mendizabal (Topagunea)
  • Edurne Brouard (AEK)
  • Miren Azkarate (UPV/EHU)

Aurkezle eta gidari: Iñaki Mtez. De Luna (Garabide)
 

  • Urriak 2, asteazkena, 10:00Le Royal zinema aretoa, Miarritze.

Mintzalasai programaren baitan eta Biarritz Amerique Latine zinema jaialdiko programazioan Waye” dokumentalaren estreinaldia eta ondotik solasaldia protagonista eta egileekin.
 

  • Urriak 14, astelehena, 11:00, EHUko Letren fakultatea, Gasteiz.

Waye” dokumentalaren proiekzio irekia eta solasaldia protagonista eta egileekin.
 

  • Urriak 21, astelehena, 9:30-13:30Bizkaia Aretoa, Bilbo.

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak antolatutako EHUS jardunaldietan parte hartzea Kolonbiako nasa ordezkaritzarekin.
 

  • Urriak 25, ostirala, 12:00Leidor zinema, Tolosa.

Waye” dokumentalaren proiekzioa eskualdeko DBH 4.mailako ikasleekin eta solasaldia dokumentalaren protagonista eta egileekin.
 

  • Urriak 28, astelehena, 18:30Arkupe Kulturgunea, Aretxabaleta.

Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldiaren agur ekitaldi irekia.
 

  • Urriak 29, asteartea, 19:00Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteiz.

“Hizkuntza gutxituak: iraun ala bizi” hitzaldi sortaren bigarren saioa Oraina sentitu: Beste herrialde batzuetan komunitate indigenek bizitzen duten egoera ezagutu izenburupean. Partaideak:

  • Waye dokumentalaren aurkezpena (Egoitz D. Ibargoitia, Andoni Marquinez eta Irati Briñas zuzendariak)
  • Socorro Cauich Caamal (Radio Yúuyum eta Yúuyum-eko kidea)
  • Oscar Chan Dzul (Centro Interdisciplinario de Investigación y Desarrollo U Yich Lu´um-eko kidea)

Aurkezle eta gidari: Jon Sarasua (Garabideko kidea eta HUHEZIko irakaslea)

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2019 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus