Albisteak

Bakea eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Foroa: amaiera ekitaldiko argazkia
Bakea eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Foroa: amaiera ekitaldiko argazkia

Garabidek parte hartu du Ameden (Kurdistan) ospatu den Bakearen eta Askatasunaren nazioarteko foroan

2026/06/03

Urtebete pasa da PKK erakunde armatua desegin zela. Testuinguru horretan kokatu behar da maiatzaren 12tik 16ra, Ameden, bertako udal gobernuak eta mugimendu kurduak sustatuta, egin berri den Bakea eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Foroa. Mugimendu kurduak tentu handiz bizi du PKKren desegitearen ondoren sortutako bake prozesua, apenas hautematen baitu aurrerapausorik Turkiako Gobernuaren partetik. Hala ere, egoera berri honetan eta etorkizunean haien herriak dituen erronka handietaz aritzeko baliatu dute foroa. Hala, besteak beste, gatazkaren biktimak, komunitatearen erreparazioa, emakumeen ahalduntzea edota ekologismoa izan dira hizpide. 

Hizkuntza ere izan da mintzagai. Horretarako, bi lan saio antolatu zituzten, eta Garabide bertan egon zen, Amedeko Institutu Kurduak gonbidatuta. Mugimendu kurduaren baitan dauden hizkuntz aktibistek mugimenduaren lehentasunen baitan hizkuntzaren auziari garrantzia eman nahi diote, gaur egun oso presente ez dagoela uste baitute. Gainera, bake prozesuaren baitan dauden negoziaketetan ere hala egon beharko lukeela uste dute. Horregatik, lehen lan saioa hizkuntz eskubideen ingurukoa izan zen. Bertan, Kataluniako CIEMEN elkarteko kideak egon ziren. Hauek Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren gaurkotzearen sustatzaileak dira, eta horretaz jardun zuten Ameden. Besteak beste, Deklarazioaren estatu sinatzaileek izango lituzketen betebeharrak ezagutzeak interes handia sortu zuen. Haien jarraian legelari kurdu bat aritu zen, eta Turkiako sistema juridikoaren baitan egon daitezkeen aukerak azaldu zituen.

Bigarren saioan, hizkuntza gutxituak biziberritzeko esperientziez jardun genuen, tartean Garabidek. Gure kasuan zehazki, euskararen esperientzia azaldu eta Garabideren lan egiteko modua azaldu genuen. Euskal Herriko prozesutik Ikastolen esperientziak interes handia sortu zuen. Gaur egun, kurduek ez dituzte eskolak kurdueraz, eta justu kurdueraren transmisioan eta gazteen erabileran ari dira hautematen gabezia handienak. Gure ostean, horretaz jardun zuten zehazki, hau da, kurdueraren egoeraz. 

Esan bezala, gazteen artean hautematen da erabilera baxuena, nagusiki Turkiako gobernuak jarritako debeku eta errepresioen ondorioz. Kurduera, azken urteetan, etxeetan erabiltzen den hizkuntza bilakatu da, eta gazteek haien sozializazioan apenas darabilte. Gainera, teknologia berriak eta sare sozialetako eduki ia guztia turkiera hutsean dago. Hala, bake prozesuko negoziaketetan, hezkuntza sisteman kurduera txertatzeko aldarrikapena lehenestea lortu nahi dute.

Larunbatean, itxiera ekitaldian Amedeko udaletxeko Hizkuntza Politika Arduradunarekin, Tahir Baykusak, hitz egiteko aukera izan genuen eta euskal esperientziaz sarri hitz egiten dutela adierazi zigun. Aurrerantzean harremanetan jarraitu eta elkarlanerako moduak bilatzeko asmoa adierazi genion elkarri.  

Itxiera ekitaldia borobiltzeko nazioarteko hainbat musikariren kontzertua egon zen, Kalabria, Irlanda eta Euskal Herriko artistak aritu ziren. Euskaldunok La Basu eta Nerea Quincocesek ordezkatu gintuzten eta musika urbanoak folklorearekin nahastu zituzten ikusleak dantzan jarriz.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus