Albisteak

Euskal Herriak Boliviako estatu kolpeari ez!

2019/11/14

Testu hau sinatzen dugun erakundeok, lehenik eta behin, Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatu nahi dugu. Hau esatearekin batera, Evo Moralesek hauteskundeak irabazi ondoren lortutako zilegitasun demokratikoa berresten dugu.

Urriaren 27an Evo Moralesek hauteskundeak irabazi zituela adierazi ondoren Boliviako herrian piztutako biolentziak muturreko egoera batera eraman du Bolivia, eta azken egunotan lehenengo egunetan protesta zena Evo Moralesen eta Boliviako herriaren demokraziaren kontrako estatu kolpe bihurtu da.

Evo Moralesek eta bere gobernuak Boliviako herriaren egoera oraindik eta odoltsuagoa ez bihurtzeko hartutako erabakia txalotzen dugu, Boliviako herritarren ongizatea eta demokraziaren bizirautea bere karguaren gainetik jarri baititu.

Une honetan Evoren eta bere gobernuko kideen kontra, nahiz MAS alderdiko militanteak eta indigenen aurkako errepresio basatia ematen ari da. Jazarpen hau gelditzea eta herritarren eskubideak errespetatuak izatea behar beharrezkoa da. Evoren bizia arriskuan dago!

Garbi dugu gertakari hauek Bolivian 2006tik martxan zegoen eraldaketa prozesu baten kontrako estatu kolpea direla. 2006-an boterea galdu zuten elite ekonomikoek prozesu honekin eta prozesu honek Boliviako herriari ekarri dizkion hobekuntza sozialekin bukatu nahi dute kosta ala kosta, eta, ikusten ari garen bezala, horretarako eskura duten guztia erabiltzeko prest daude.

Boliviako herriaren zein beste herrietako demokrazien kontra piztutako biolentzia salatzen dugu. Cuba eta Venezuelako enbaxadak indarrez hartu nahi izanak estatu kolpe honen izaera argi eta garbi erakusten du. Demokraziaren kontrako eraso hau ematen ari den bitartean nazioarteko komunitateak ez du hitzik ere egin.

Boliviaren burujabetza, eta bere gobernuak nahiz instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea exijitzen dugu.

Dokumentu hau sinatzen dugun eragileok, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko gure konpromisoa erakusten dugu. Horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Deialdiak:

- Donostia, Boulevard 19:30tan

- Bilbo, Arriaga enparantza, 19:30tan

- Andra Maria Zuriaren enparantza, 19:30etan

- Iruinea, Udaletxeko enparantza, 20:30tan

 

Sinatzaileak:

Alternatiba, Antikapitalistak, Bizilur, CC.OO, EH Bildu, ELA, Elkarcredit, Ernai, ESK, Etxalde, Euskadi-Kuba, Ezker-Anitza, IPES-GITE, Lumaltik herria, Mugarik gabe, Mundu bat, Nafarroa Orain/ Ahora Navarra, Podemos, Sortu, STEILAS

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus