Albisteak

Eragile kitxuak eta euskaldunak Ekuadorren hizkuntza lankidetzan

2020/01/23

Garabide Elkarteak eta Sisariy kitxuen antolakundeak gidatutako Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Lehen Nazioarteko Ikastaroan egingo dute bat, Ekuadorreko iparraldeko Ibarra hirian, eragile kitxua eta euskaldunek, tartean AEK, Soziolinguistika Klusterra, Elhuyar Fundazioa, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Andoaingo Udala.

Datorren urtarrilaren 24an izango da hasiera ekitaldi ofiziala Ibarrako Universidad Tecnica del Norten (UTN) inguruko udaletako eta eskualdeko instituzioetako ordezkariak tarteko eta biharamunean, larunbatean, ekingo diete klaseei unibertsitatean bertan. Martxoaren 15era arte, 8 asteburutan, arituko dira eskolak ematen 12 kitxua eta 6 euskaldun, alorkako aditu gisa irakasle lanetan. Zenbakitara ekarrita 120 klase ordu, 18 irakasle eta 40 parte hartzaile estrategiko biltzen ditu ikastaroak. Kitxua lurretan egingo den horrelako lehen ikastaroa da eta bistakoa da piztu duen interesa “hasiera batean 30 plaza eskaini ziren eta jasotako eskaera kopurua bikoitza izan denez eskaintza 40 plazara zabaltzea lortu da” dio Elvis Tuquerres-ek, Sisariy kitxuen antolakundeko koordinatzaileak.

Garabidek aurten beteko ditu 15 urte hizkuntzatik abiatzen den kooperazio modu berritzailea egiten, hizkuntza lankidetzak hori baitu xede, esperientzia trukearen bidez munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzea. Zehazki, Ekuadorreko kitxua eta euskaldunen arteko zubigintzan ibili luzea du Garabidek eta horren erakusle da, besteak beste, Euskal Herrian antolatzen dituen ikastaroetan dagoeneko 20 kitxua aktibista baino gehiago formatu izana. Hain zuzen ere, ikastaro horietan formatutako aktibistek osatu zuten 2017an Sisariy antolakundea, Ekuadorreko iparraldeko Imbabura eskualdean kitxuaren biziberritzean (komunikabideetan, aktibismo digitalean, helduen alfabetatzean, administrazioan…) lanean ari diren elkarteek osatzen dutena.

Irakasle kitxuak Sisariyko kideak eta unibertsitateko irakasleak izango dira eta Garabidek pauso kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena eman du bere zubigintza lanean proiektura honako euskal erakundeetako kideak batuta: Uri Ruiz hezkuntzako aditu gisa, Soziolinguistika Klusterretik Belen Uranga, Elhuyar Fundaziotik Imanol Azkue, AEKtik Mertxe Mugika, Aiaraldea Ekintzen Faktoriatik Gartzen Garaio eta Andoaingo Udaletik Patxi Baztarrika.

Sisariyk bultzatu eta antolatu du ikastaroa Garabide bidelagun izanik eta moduluka antolatu dute formazioa, sei zatitan banatuta: lehen biak teorikoagoak dira, soziolinguistikaren oinarriak jorratuko dira eta ondotik kitxuaren biziberritzerako plan estrategikoa diseinatuko da; hurrengo hiruak praktikara bideratuagoak daude, taldea hiru espezializaziotan zatituko da eta biziberritze proiektu zehatzak landuko dituzte taldeka, azken moduluan proiektu horiek aurkeztu eta aurrez adostutako plan estrategikoaren baitan kokatzeko. “Gako handienetako bat parte hartzaileen hautaketa izan da, kitxuaren alde alor desberdinetan lanean ari direnen artean eragin biderkatzailea dutenak lehenetsi baitira dio Sisariyko koordinatzaileak. Ikastaroa jasoko duten 40 kide horien artean daude, besteak beste, hezkuntzako arduradunak eta irakasleak, udaletako teknikari eta zinegotziak, kazetariak eta kultur eragileak. Nabarmentzekoa da, ezohikoa delako, unibertsitate mailako formazioa debalde eta kitxuaz (euskaldunen parte hartzea salbu) eskaintzeko hautua.

Hortaz, ozeanoaren alde bietako hainbat erakunde batu dira proiektu hau posible egiteko, euskaldunen aldetik Kutxa Fundazioa eta Orioko, Usurbilgo, Andoaingo, Beasaingo eta Baztango Udalak. Beraien bultzadari esker, Ekuadorren arituko dira elkarlanean kitxuen artean erreferente diren eragileak eta puntako euskal adituak, hizkuntza lankidetzaren aldeko apustua egin duten euskalgintzako erakundeek babestuta. Martxoan ezagutuko ditugu parte hartzaileek landuko dituzten kitxuaren aldeko proiektu zehatzak, baina harago ere Garabidetik oharra egin nahi izan dute: “hizkuntza lankidetzan ezagutza trukea ez da alde bakarrekoa, beraz proiektu honek Euskal Herrira begira ere soka luzea ekartzea espero dugu, kitxuengadik ikasitakoa etxekotzea da gure erronka”.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus