Albisteak

Amaitu da Ekuadorren Kitxua Biziberritzeko Estrategien Lehen Nazioarteko Ikastaroa

2020/03/15

Kitxua biziberritzeko 40 eragile estrategiko izan dira proiektu honen motorra, Sisariy erakunde kitxuak eta Garabide euskal erakundeak elkarrekin antolatutako ikastaroan 8 asteburuz segidan aritu baitira formatzen Kitxua Biziberritzeko Estrategietan. Metodologiari dagokionez, ikastaro aitzindari honek ikuspegi teoriko-praktikoa izan du, helburua ikastakoari aplikazioa bilatzea izan baita. Parte hartzaileek 120 eskola-ordu jaso dituzte 12 aditu kitxua eta 6 euskal adituren eskutik eta 18 irakasle horiek hizkuntzen biziberritzerako erakunde erreferentzialetako kide dira, hala nola, Radio Iluman edo Tinkunakuy kitxuen aldean edo Soziolinguistika Klusterra, Elhuyar Fundazioa, AEK, Andoaingo Udala eta Aiaraldea Ekintzen faktoria euskara biziberritzeko prozesuan.


Ikastaroa amaitu den arren, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute martxoaren 16rako programatutako itxiera ekitaldia, covid-19 gaitzaren hedapena saihesteko osasun gomendioak jarraituz. Ekitaldiak hizkuntza biziberritzeko 9 proiektu jendaurrean aurkeztea zuen helburu, alegia, ikastaroan egindako lanaren emaitza gizarteratzea. Aurreikusita zegoen Ibarrako UTNko (Iparraldeko Unibertsitate Teknikoa) errektoreak berak, bertan egin baita ikastaroa, ekitaldia gidatzea eta, berarekin batera, 30 agintarik baino gehiagok baieztatua zuten euren parte hartzea, besteak beste, Imbabura probintziako prefektuak, probintziako hiriburua den Ibarrako alkateak eta baita Cayambe, Cotacachi eta Otavalo hiri nagusietako alkateek, Hezkuntza Elebiduneko Eskualdeko zuzendariarekin batera.

Elvis Tuquerres Sisariy erakundeko koordinatzaileak oso positiboki baloratzen du ikastaroaren garapena, eta honako hau nabarmendu du: "Minga (auzolana), kitxua komunitatean hain errotuta duguna, esparru akademikora eramatea lortu dugu. Orain eragile sozial eta politikoek konpromisoa hartzeko unea da, elkarrekin eraiki dugun kitxua biziberritzeko plan estrategikoari bide emateko unea". Bestalde, Garabidek 10 urte baino gehiago daramatza kitxua komunitatearekin lanean, eta harrituta eta esker onez hartu du egindako lana. Horregatik, jarraipena emateko konpromisoa hartu du, eta adierazi du: "Munduan bizi dugun hizkuntza-larrialdiari buruzko kontzientziazio-lana egin behar da; horregatik, hizkuntza-lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa da orain. Ikastaro hau bezalako ekimenak erreferentzialak dira, ez bakarrik kitxua komunitatearentzat, baita hizkuntza menderatzaile batek ordezka ez gaitzan borrokan ari garen munduko 6.500 hizkuntza gutxituontzat ere". Oraindik datarik finkatu ezin bada ere, itxiera ekitaldia aurrerago izango dela ziurtatu dute antolatzaileek, behin osasun krisia gaindituta.

Etorkizunera begira, badirudi ortzi mugan argi izpi bat agertzen dela. 2019 urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu ondoren, NBEren Batzar Nagusiak Hizkuntza Indigenen Hamarkada 2022-2032 iragarri zuen. Ekimena Mexikon, joan den otsailaren 28an, aurkeztu zen nazioarteko komunitatearen aurrean, "Hizkuntza indigenentzako ekintzen hamarkada bat eraikitzen" lelopean. Eta, hain zuzen ere,  hizkuntza indigenentzako soilik ez, baizik eta komunitate indigenekin ekintza zehatzak eraikitzeko, artikulatzeko, indar hori izan da Kitxua Biziberritzeko Estrategien Nazioarteko Ikastaroaren lehen edizio hau gidatu duena. Lehenaren eskutik etor bedi bigarrena.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus