Albisteak

ADITU IKASTAROAREN ITXIERA EKITALDIA: HIZKUNTZALDIA, MINTZAIRATIK MINTZAIRARAKO LORALDIA

2018/12/13

2018ko udazkenean Garabide Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak antolatu duten Aditu Ikastaroan 12 hizkuntza gutxiagotutako 21 aktibistek parte hartu dute. Formazioak 300 klase ordu baino gehiago hartu ditu barne eta, horren osagarri, 21 bisita didaktiko egin dituzte euskararen biziberritzearen protagonista diren euskalgintzako eragile zein instituzioetara. Guztia borobiltzeko, gainera, 20 sentsibilizazio ekintza (hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak…) egin dira herriz-herrikako biran.

Ikastaroaren itxiera ekitaldia Eskoriatzan ospatu zen abenduaren 12an Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean “Hizkuntzaldia, mintzairatik mintzairarako loraldia” izenburupean. Bertaratutako ehun lagunek adi entzun zituzten aurkezle lanetan aritu ziren Sisa Anrango kitxuaren eta Txema Abarrategi Garabideko koordinatzailearen lehen hitzak: “Euskaraldiak 11 egunez euskaraz aritzeko erronka jarri bazigun Hizkuntzaldiak gauak ere bildu nahi ditu, iluntasunaren abaroan sortu gintuztenok mundua argitzeko erronka baitugu, nork bere komunitatetik”.

Ondoren munduko hizkuntza gutxituen loraldia irudikatzeko lore sorta trukaketa egin zuten Adituko partaide eta Adituaren laguntzaileen artean:

  • Milouda El Hankari Amazigh hizkuntzaren aktibista eta Jurdana Acasuso Azkue Fundazioko lehendakaria.

  • Francisca Sanchez eta Felix Taruire Boliviako guarani hizkuntzaren aktibistak eta Eneko Gorri Miarritzeko euskara zerbitzuko teknikaria.

  • Benedito Tui Brasilgo Huni Kui hizkuntzaren aktibista eta Karmele Perez HUHEZIko irakaslea.

  • Levi Carmelina eta Miguel Angel Oxlaj Guatemalako kaqchikel hizkuntzaren aktibistak eta Adituko espezializazioetako irakasle izan diren Arkaitz Zarraga eta Rosa Elizburu.

  • Guatemalako q’eqchí hizkuntzaren aktibista Iris Esmeralda Ac eta Hala Bedi irratiko Jon Sanchez.

  • Salomé Huinac Guatemalako quiché hizkuntzaren aktibista eta Beñat Garaio Adituko irakaslea.

  • Ximena Flores Ekuadorreko kitxua hizkuntzaren aktibista eta AEK-ko koordinatzaile nagusia, Mertxe Mugika.

  • Suna Altun kurdueraren aldeko aktibistak ezin izan zuen egon, baina hitz batzuk bidali zituen.

  • Daniela Cano eta Marcos Pech Mexikoko Yukatango Maia hizkuntzaren aktibistak eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea.

  • Sergio Marinao eta Ana Llaupi aktibista maputxeak eta Ane Ortega Adituko irakaslea.

  • Mexikoko nahuatl hizkuntzaren aktibistak, Micaela Garrido eta Lizbeth Sanchez, eta Isabel Arias Tafallako ikastolako zuzendaria Koldo Telliturekin, Euskal Herriko Ikastolen Federazioko lehendakaria.

  • Kolonbiako nasa komunitatetik Cristina Escue eta Huber Castrorekin Iñaki Martinez de Luna Adituko irakaslea.

Mintzairatik mintzairarako truke ezin hunkigarriagoan Tafallako Ikastolako zuzendariak gogora ekarri zuen Adituko partaideak Tafallara egindako bisitan nola ikastolako gazteei esan zieten “zuek zarete gure heroiak, egunerokotasunean, testuinguru gogorrenean ere euskara maitatzen eta bizitzen duzuen gazteak” eta Hala Bediko kideak, bere aldetik, “gure hizkuntzan garatutako komunikazioak libre egiten gaitu” aldarrikatu zuen irratigintzak batutako bi herri oholtza gainean ikusita. Emakumearen ahalduntzea hizkuntzaren biziberritzearekin lotzeko lanketa berezia egin den Adituaren edizio honetan ikur izan zen AEK-ko Mertxe Mugika eta Xime Flores Ekuadorreko kitxua irrati esatari gaztea, biak bihotz eta gogo, etorkizunera begira elkarrekin ikustea. Azkenik, Eneko Gorrik honakoa aipatu zuen: “Zuek ispilu bat jartzen diguzue aurrean konturatzeko irabazten ari garela, ez bakarrik euskaldunontzat, baizik eta elkarrekin eraikitzen ari garen mundu berriarentzat”.

Saioaren itxieran, Adituko parte hartzaileek hitza hartu ondoren, Kantatzen duten herriak bizi dira leloari eutsita, bertaratutako guztiek batera abestu zuten Kontrapas kantaren bertsio hau:

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus