Albisteak

HAMABI IKUSTEKO JAIOAK GARELAKO!

2017/10/31

Egunetik gauerako pausoa Aretxabaletako Galartzako dorretxean egin genuen bart ehun bat lagunek Ikastaldi Trinkoaren agur ekitaldian. "Hamaika amets eta beste bat gehiago" lelopean bildu ginen Ikastaldi Trinkoan parte hartu duten hizkuntza gutxituetako 12 agintari indigenak eta odolez edo egonez familiakoak zaituztegunak, Ikastaldi hau egitea ahalbidetu duzuen garabidetarrak.

Pasa berri ziren 17:30ak Garabideko lan talde teknikoko Maddi Iñarra eta Txema Abarrategi aurkezle lanetan hasi zirenean. Lehenik, Jon Sarasuari jarri zioten gaia mikrofono aurrean aritzeko: "Garabideko lehendakariordea zara eta Ikastaldiaren balorazioa 5 minutura trinkotzea dagokizu". Eskerrak eman eta ametsak izan zituen hizpide Sarasuak, egun errealitate direnak eta baita bide horretan ditugunak ere. Ondoren, Estibaliz Alkortak, HPS-n Euskara Sustatzeko zuzendariak, gizartean eta erankundeetan hizkuntza lankidetza hauspotu beharra nabarmendu zuen. Izan ere, batura horren fruitu baita Ikastaldi Trinkoa bera, Eusko Jaurlaritzan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean babestu baitute Garabideren formazio proiektu hau. Azkenik, parte hartzaileek hartu zuten hitza talde osoaren izenean: Paula Huenumilla maputxeak eta Jose Quimbo kitxuak. Eskerrak eman ostean hizkuntza gutxituen arteko sarea sendotzearen garrantziaz jardun zuten, elkarrengandik ikasten jarraitzeko.

 

Jarraian, Ikastaldi Trinkoaren astez-asteko bideolaburpenak proiektatu genituen, hemen daude ikusgai bertaratu ezin izan zenutenentzat. Bi bertsolari hurbildu ziren oholtzara ondoren. Bi gipuzkoar, bi emakume, bi gazte, bi perla; Haizea eta Oihana Aranak bertso bana bota zuten:

 

Ekitaldiaren bigarren zatian diplomak jaso zituzten ikasleek Ikastaldi Trinkoan parte hartze zuzena izan duten euskalgintzako eragileen eskuetatik. Trukean, ordezkari indigenek euren hizkuntzei zegozkien etorkizunerako amets bana irudikatu zuten pieza baten gainean eta, alez-ale, ametsen mosaikoa osatzen joan ziren. Hona hemen diploma banatzaile eta jasotzaileak, hurrenez hurren:

 

Belen Uranga, Soziolinguistika klusterreko kidea

Carmen Gladis Alosilla, Peruko ketxua, Educación Intercultural Bilingüeko arduraduna

 

Aitor Izagirre, Goienako presidentea

Lizbeth Georgina Sánchez Ortiz, Mexikoko Nahuatl-a, Material didaktikoa ekoizteko koordinatzailea

 

 

Aizpea Otaegi, Elhuyarreko kidea

Benjamin Cuellar, Boliviako Guarania, Alto Isosoko heziketa arduraduna

 

 

 

 

​Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundian

Paolina Vercoutère Morales, Ekuadorreko kitxua, Imbabura probintziako gobernadorea

 

 

 

Oihaneder Indakoetxea, Barañaingo alkatea

Diego Fernando Yatacue, Kolonbiako nasa, CECIDICeko (Centro de Educación, Capacitación e Investigación para el Desarrollo Integral de la Comunidad) zuzendari orokorra

 

 

Ruben Beitia, Emuneko Kontseilu Errektoreko ordezkaria

Paula Onesima Huenumilla Herrera, Wallmapuko maputxea, Mapuzuguletuaiñ erakundeko ordezkaria

 

 

 

Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea

Leonardo Durán Olguín, Mexikoko Nahuatl-a, TOSEPAN TITATANISKE kooperatiban zuzendaria

 

 

 

Joseba Otondo, Baztango alkatea

Milouda El Hankari, Rifeko amazigha, Kulturarteko bitartekaria

 

 

 

Iñaki Arriolabengoa, Fagor taldeko Kontseilu Sozialeko lehendakaria

José Quimbo Amaguaña, Ekuadorreko kitxua, Otavalo hiriko alkateordea

 

 

 

Amaia Antero, Arizmendi Ikastolako I+G+B zuzendaria

Victoria Esquit, Guatemalako Kaqchikela, Ruk'u'x Gatinamitd eskola sareko ordezkaria

 

 

 

Jokin Larrañaga, Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna Arabako Foru Aldundian

Adolfo Vitonas Ramos, Kolonbiako nasa, "Hizkuntzaren sustatzaileak" egitasmoko koordinatzailea

 

 

 

Estibaliz Alkorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria HPS-n, Eusko Jaurlaritzan

Maria Elisa Chavarrea, Mexikoko Yukatango maia, Idazle eskolako maia hizkuntza eta literatura arduraduna

 

 

 

Bukatzeko, kantu trukaketari ekin genion. Beste bertso bana bota zuten Arana ahizpek eta, ondoren, batera kantatu genuen ezaguna egingo zaizuen Kontrapas abestiaren hizkuntzarteko bertsioa:

 

Honaino Ikastaldi Trinkoak Euskal Herrian eman duena. Mila esker hau posible egin duzuen guztiei, bereziki parte hartzaile eta antolatzaileen familiei bizitzaren hilabete are trinkoagoari eusteagatik. Bueltan doaz hamabi hizkuntza gutxituetako ordezkariak, has bitez loratzen bakoitzaren etxean hamaika amets eta beste bat gehiago!

 

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus