Albisteak

Tarifita biziberritzeko topaketa-jardunaldiak

2022/10/10

Kronika eta argazkiak: Asya Zayzaoui

Al-Hoiceman egindako topaketa-jardunaldietan mundu osoko taldea osatu genuen tarifit hizkuntzarekiko interesak bilduta. Izan ere, hizlariez gain, bertaratu zirenen artean bazeuden Maroko, Frantzia, Italia, Holanda eta Espainiako ikasle eta militanteak. Oso interesgarria izan zen ikustea bazeudela amazigha ikasten ari diren atzerritarrak.

Urriaren 7ko (ostirala) goizean hasi ginen, Al-Hoiceman, Jon Sarasuarekin. Hizkuntza-sentsibilizazioaren oinarriak planteatu zizkigun, eta biziberritzearen zuhaitza azaldu. Amazigh gazteek interes handiz jarraitu zuten hitzaldia. Esate baterako, Naima Belhadjek adierazi zuen: "Zuhaitz horren sustraiak hizkuntza biziberritzeko edozein prozesuri aplika dakizkioke munduan". "Hain erraz ulertu dugu ezen segituan jo ta ke hasteko gogoa piztu baitzaigu! Jon Sarasuaren pedagogia itzela da" esan zuen Mohamed Asraihik bere aldetik.

Ondoren, hizlari rifetarrek hartu zuten oholtza. Lehenengoak hizketagai izan zuen kabiliera Interneten nola eta zertan erabiltzen den eta, bigarrenak, amazigh hizkuntzak online irakasteko Frantziako plataforma baten inguruko esperientzia.

Egun berean, arratsaldean, hizlarien ikuspegia ezagutu ahal izan genuen tarifitaren familia-transmisioari buruz. Segidan, tarifit hizkuntzaren diagnostiko global batera hurbiltzeko elementuak aletu genituen, UNESCOren eta Jon Sarasuaren zuhaitza aplikatuta.

Urriaren 8an, larunbata, hizlari rifetarrek ekin zioten lanari eta diagnostiko bat helarazi ziguten bai tarifitaren online esperientzien inguruan, baita hizkuntza horrek irakaskuntzan duen presentziari buruz ere. Jarraian, Jon Sarasuak nabarmendu zuen jatorrizko hizkuntzen etorkizuna bultzatzeko estrategia artikulatu bat beharrezkoa dela. Xan Airek hartu zuen lekukoa ondotik eta bere hitzartzean euskara ikasteko mobilizazio teknikak eta estrategiak jorratu zituen. Egun berean, arratsaldean, tarifitaren hizkuntza-plangintza azaldu zen eta oso tailer interesgarria egin zen tarifita latindar alfabetora transkribatzeko.

Hirugarren eta azken egunean jardunaldi bizia eta dibertigarria izan genuen. Sakonago ezagutu genuen elkar, goizean autodiagnostikorako tailer bat izan genuen eta. Arratsaldean Rifeko hizlariek, Jon Sarasuarekin batera, hitzaldi publiko aberasgarriak eskaini zizkiguten eta horrekin jo genuen amaitutzat topaketa. Oso jende interesgarria ezagutzeko parada izan dugu, bereziki Amazigh hizkuntza eta kulturari zinez emanak diren gazteak. Etxera bueltan oroitzapen ederrak dakarzkigu eta, batez ere, lan egiteko gogo bizia.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus