Albisteak

Indigenen auzolan matxinatua

2019/04/02

Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizazioetan daude errepideak moztuz, nekazari elkarte eta hainbat mugimendu sozial eta zibilekin batera.

Ez da lehen aldia indigenek herrialdeko errepideak mozten dituztela. Azkena 2016an Santos presidente zela 13 egunez izan zituzten Kolonbiako hego-mendebaldeko errepide nagusiak itxita. Ordukoan Santosekin hainbat akordio sinatzea lortu zuten, gerora baina akordio horiek ez dira bete, ezer ezean geratu dira.

Aurreko gobernuekin sinatutako 1.200 akordio inguru eta bake prozesuan hitz emandakoak errealitate bihurtu daitezen ari dira borrokan martxoaren 10etik Cauca eskualdean. Aurretik baina Ivan Duke presidentearekin hainbat aldiz saiatu da negoziatzen mugimendu indigena. Gogoratu behar da hauteskunde kanpainan jadanik bake prozesuaren aurka lerrokatu zela eta Santosen gobernuak hartutako konpromisoak ez zituela errespetatuko aurreratu zuen. Diskurtso eskuindarrarekin, eta Uriberen besoetakoa izanik, lortu zuen Kolonbiako estatuaren presidentetza aurreko urteko ekainean. Bere agintaldiaren lehen 100 egunetan 118 lider sozial eta agintari indigena erailak izan ziren.

Duquerekin negoziazio saiakerek porrot egin ondoren eman zion ultimatuma mugimendu indigenak Duqueren exekutiboari. Duquek berak gidatu beharreko ordezkaritza batekin negoziazioak hasi edo mingarako deia. Negoziatzen hasteko nahitaezko baldintza zen, eta izaten jarraitzen du, Duque presidentearen presentzia. Azken momentuan Caldonoko resguardoan bildutako milaka indigenen aurrean eman zuen berria Nancy Patricia Gutierrez Kolonbiako Barne Ministroak: “Agenda arazoak direla eta, ezinezkoa da (Duque) etortzea”. Minutu batzuk beranduago hasiak ziren errepideak harri sendoz eta botatako zuhaitzez betetzen.

Geroztik Kolonbiako hego-mendebaldeko korridorea itxita dago. “Panamerikana” errepidearen 15 kilometro inguru dauzkate blokeatuak matxinatuek eta hainbat kanpaleku altxatu dituzte errepideen inguruetan. Ekuadorrekin lotzen duen komunikazioa moztua dago eta hainbat hiri hasi dira blokeoaren ondorioak pairatzen: erregai eza dute, espekulazioak gora egin du neurri gabe, eta elikagaiak ere falta dira.

Kamioi ilara amaigabeen irudiekin batera gerra irudiak datoz mingatik. SMAD istiluen aurkako poliziarekin enfrentamendu gogorrak ari dira izaten indigenak. Poliziak, gas negar eragilea eta ur tankeak erabiltzeaz gain, balak ere erabiltzen ari direla salatu dute CRIC mugimendu indigenaren federaziotik eta hainbat direla balez zauritutako kideak. Guardia Indigenako 8 kide eta ikasle bat akatu zituzten eta beste 3 larri zauritu leherketa batean martxoaren 21ean. Ozeano Barean dagoen Buenaventura portura (Kolonbiako garrantzitsuenetakoa) bidea mozteko prestaketa lanetan ari ziren, oraindik argitzeke dagoen gertakari honetan.

Animoak hala ere goian jarraitzen du mingan eta Duque lehen baino lehen mingara joango dela ziur daude indigenak. Lasaitasun momentuak futbol partida inprobisatuekin eta musika saioekin pasatzen dituzte, besteak beste. Hainbeste egunetako borrokarekin nekatuak daudenak etxera doaz indarrak berreskuratzera eta bitartean errelebo sendoek hartzen dute lekukoa. Behin eta berriro errepikatzen dute haien borrokak herrialde osoari eragiten dion borroka dela. Ama lurraren defentsa, bizitza, demokrazia, justizia eta bakea bezalako eskubideek denei zuzenean eragiten baitiete.

Kolonbiako etorkizun hurbilaz haratago asko dago jokoan bi indarren arteko borroka honetan. Indigenek negoziatzea lortu eta haienak diren eskubideak bermatzea lortuko balute, Kolonbiako eskuinaren oinarri itxuraz sendoetan arrakalak argi ikusiko lirateke, baina mingak ostera porrot egingo balu erresistentziarako eta mobilizaziorako gaitasun handiena duen agentearen mugak azaleratuko lirateke.

Bitartean, Barne Ministroarekin negoziatzen jarraitzen dute presidentearen etorrera. Venezuelara begira dagoen presidenteari etxera ere begiratzeko exijitzen diote indigenek. Atzerrira “giza laguntza” bidaltzen duenak errepresioaren aurpegirik gordinena eskaintzen die etxekoei.

 
 

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus