Albisteak

Garabide hezkuntzan, baina nor-nori-nork?

2022/12/01

Garabidek egiten duen hizkuntza lankidetzak, hizkuntza gutxituen biziberritzerako esperientzia trukea den heinean, kanpora begira jarri ohi gaitu. Hala ere, hizkuntza lankidetzak kanpora ez ezik, barrura begiratzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Hortik dator, hain zuzen ere, gure leloetako bat: leihoak mundura, mundu oso bat etxean.

Hari horri tiraka, duela urte batzuk hasi ginen Garabiden gizarte eraldaketarako hezkuntza programak martxan jartzen. Hau da, euskal gizarteak eta hizkuntza lankidetzak elkarri zein ekarpen egin diezaioketen aztertzen hasi ginen hainbat gizarte eragilerekin batera. Hortik etorri zen, esate baterako, hezkuntza komunitatearekin elkarlana sendotzea.

Arkaitz Zarraga garabidetarra buru-belarri dabil lan ildo horretan. Pasa den ikasturtean berak gidatu zituen bi topaketa DBHko 2. eta 3. mailako ikasleekin Bilboko Unamuno Institutuan eta Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolan. Oso jarrera aktiboa izan zuten ikasleek eta parte hartze horietatik hausnarketa mamitsuak etxeratu genituen guztiok.

Saioen balorazioa positiboa izan zenez, aurten esperientzia apur bat zabaldu nahi izan dugu. Azaroaren 18an Unamuno Institutuan aritu zen Arkaitz Zarraga Batxillergoko lehenengo mailako bi talderekin eta azaroaren 22an itzuli zen Eguzkibegi ikastetxera. Horrez gain, abenduaren 2an, Euskararen egunaren bezperan, Zaballako espetxera ere hurbilduko da ondoko galdera sorta honi elkarrekin erantzuten saiatzeko:

  • Zein da hizkuntzen egoera munduan? Eta euskararena?
  • Zergatik aritzen gara hizkuntza lankidetzan? Zer du euskarak munduari eskaintzeko? Eta mundutik ikasteko?
  • Nortzuk dira Kolonbiako nasak? Nolakoa izaten ari da euren biziberritze prozesua? Nasek eta euskaldunek zer dute elkarri eskaintzeko?

Pozgarria da ikustea gaiak aukera ematen digula elkarrizketarako gune irekiak sortzeko, oso adin eta bizi-ibilbide desberdina duten pertsonengan argi bat pizteko. Bitxia izaten da nola topaketa hasi eta gutxira hasten diren etiketak lausotzen, irakaslea hizkiak galtzen hasten da ikasle izateraino eta, aldi berean, ikasleak hasten dira ahalduntzen, jabetzen eurena den gaurko eta biharko munduaz, eurena den euskararen orainaz eta geroaz.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus