Albisteak

Adituaren 4. kronika: mundua azpikoz gora, dena jartzen dugu aldrebes

2018/11/29

Bi hilabete pasa dira Aditu Ikastaroa hasi zela eta lehen kronikan hasi genuen kontakizunak bigarrenari bidea eman bazion hirugarrena ez zen motz gelditu. Laugarren kronika honetan ikastaroaren bukaera ikusten hasi gara, baina maleta egin aurretik bizitakoak bideokronikan nahiz idatziz bildu ditugu:

 

Ipar Euskal Herritik bueltan bukatutzat eman genituen ikastaroaren modulu orokorrak eta 3 espezializazioei ekin genien: helduen irakaskuntza, hizkuntza plangintza eta hezkuntza. Espezializazioek premia zehatzei erantzun nahi diete. Izan ere, Aditu Ikastaroko partaideek proiektu bana idazten ari dira Euskal Herrian ikasitakoa 2019an zehar praktikara eramateko, hau da, euren erakundeek babestuta hizkuntzaren biziberritzeari bultzada emango dion ekimen bana paratuko dute martxan euren herrietara bueltatzen direnean. Ez da lan makala, horregatik ari dira batetik, espezializazioa jasotzen eta, bestetik, tutoreen laguntzaz proiektua idazten.

Helduen irakaskuntzarako espezializazioan puntako bi irakasle izan ditugu: batetik, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kide eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolan irakasle den Ane Ortega eta, bestetik,  Arkaitz Zarraga, UEUko Glotodidaktika sailburu eta Basauriko Udal Euskaltegiko zuzendaria. Biak aritu dira eskuz-eskukoan helduen alfabetatzerako estrategiei buruzko hausnarketak egiranazi eta praktikarako jauzian laguntzen. Izan ere, euskararen kasuan adituak izateaz gain bestelako testuinguruak ere ederki ezagutzen dituzte, Kolonbiako nasena kasu. 

Hizkuntza plangintzan irakasle mundialak izan ditugu: Viviana Gonzalez kolonbiako nasa eta bi euskaldun, Beñat Garaio eta Iñaki Martinez de Luna arabarrak. Hizkuntza plangitzaren plano eta ertz desberdinak aztertzen aritu dira taldearekin. Adibide gisa, neurketak nola egin ikasteko Euskaraldiari buruzko inkestak egiten aritu gara kaleetan eta bisita didaktikoetan ere aukera izan dugu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lana ezagutzeko. Horrez gain, Bermeon eguna pasa genuen Udaleko euskara zerbitzuaren lana sakon ezagutzen. Gainera, Arabako Foru Aldundiko Euskara zerbitzuburuak, Jokin Larrañagak, eta bai Gorbeialdeko teknikari den Manex Agirrek, bai Gasteizko teknikari den Alex Vadillok martxan dituzten ekimen zehatzak aurkeztu dizkigute.

Hezkuntzako espezializazioan Rosa Elizburu aritu da irakasle eta aletuz joan zaigu, esate baterako, zeintzuk diren ikastetxeen heziketa proiektuak biltzen dituen gakoak, metodologiari begirako oinarriak eta baita materialgintzari buruzko hainbat argibide ere. Alde teorikoan ikasitakoa bisitekin uztartzen joan gara Aramaioko, Elorrioko eta Durangoko eskoletan.

 

Espezializazioan taldea berriz ere batzeko saio osagarrik izan ditugu astean behin. Joan den astean TELP (Eremu Linguistiko Pertsonalerako Tailerra) ikastaroa jaso genuen EMUNeko Ainhoa Lasari esker, Euskaraldia hasi berritan ezin aproposagoa izan zen hizkuntzari eusteko asertibitatea lantzea. Aste honetan, berriz, Lankiko Mirene Zufiaurrek kudeaketaz saio bat eskaini du, hizkuntza biziberritzeko proiektuei eusteko ezinbesteko zutabeetako bat.

Herriz-herrikako birako azken zitak ere izan ditugu Legution, Tolosan, Aramaion eta Baztanen. Harrera bikaina egin digute araban, gipuzkoan eta nafarroan, aurreko saio guzti-guztietan bezala. Beraz, aukera probestu nahiko genuke eskerrak emateko, bai antolaketan lagundu gaituzuenei, baita bertaratu zareten guztiei ere!

Laugarren kronikak hauxe zuen esateko, abenduaren 10ean bueltan izango gara Aditu Ikastaroaren itxiera ekitaldiaren xehetasun guztiak emateko. Bitartean, oroitu guztiaren berri emanten ari garela blogean, zein sare sozialetan (Twitter eta Facebook).

Agendari begira, hau da herriz-herrikako biran daukagun azken hitzordua:

GIPUZKOA

ANOETA

  • Abenduak 10, astelehena, 19:00, kultur etxea

Mai da bai” dokumentalaren proiekzioaren ondotik maputxe herriko ordezkariarekin solasaldi irekia.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus