Albisteak

2022ko Abbadia saria Garabide Elkartearentzat

2022/12/22

Abbadia sariak Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zituen 1996an euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko eta, pasa den abenduaren 21ean egindako agerraldian, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta gobernantza diputatuak adierazi zuen aurten epaimahaiak aho batez erabaki zuela 2022ko Abbadia Saria Garabide Elkarteari ematea. Hasteko, Garabide Elkartearen lana goraipatu zuen diputatuak: “Kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta, zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta”. Zehazki, 2005 urtetik ari gara Garabide Elkartean hizkuntza lankidetza jorratzen, alegia hirugarren sektore sozialean hizkuntza gutxituen biziberritzea lantzen.

Hiru arrazoi nagusi aletu zituen Mendozak Garabide saritzeko. Batetik, hizkuntza lankidetzak euskarari egiten dion ekarpena. Komeni da gogora ekartzea, munduko hizkuntzen egoerarekin alderatuta, euskararen biziberritze prozesuak aurrerapauso nabarmenak egin dituela azken 50-60 urteotan eta, hortaz, erreferente urrietako bat dela hizkuntza gutxituak dituzten munduko beste komunitateentzat. Hain zuzen ere, hori nabarmendu zuen Mendozak: “Prozesuan pilatu den jakintza biltzen, erakusten eta transmititzen lan handia ari da egiten Garabide Elkartea. Lan horrek bi norabide dituela ere erakutsi dute, alegia, euskararen komunitatean badugula erakusteko moduko esperientzia metatua eta, aldi berean, haiek badutela guri zer irakatsi hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan”.

Horrez gain, hizkuntza ekologiari keinu eginez, gaineratu zuen: “Elkartasunetik abiatuta erakutsi digute, hizkuntza gutxitu bat biziberritzea ez dela kapritxo azalekoa, eta garrantzi berezia duela planetaren aniztasunerako”. Hirugarrenik, hizkuntzaren pertzepzioaz aritu zen eta azaldu zuen, Garabideren lanari esker, euskararen komunitatea jabetzen ari dela baduela eginkizun partekatua gainerako hizkuntza gutxituekin: “Honenbestez, uste dugu euskararen sustapenean adibide aurreratua dela, zabaldu beharreko eredua. Erakusten duelako, argi eta garbi, hizkuntza minorizatuen eta kulturaren biziberritze prozesuek oinarrian badutela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko ikuspegia”.

Sariek ibili luzea dute eta aurrerantzean ere jarraitu nahi dute euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeen lana bultzatzen. Anton Abbadia gogoratzeaz gain, sarien bidez "euskaltzaleen arteko harremanak indartu eta berritu" nahi dituela adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus