Albisteak

Hizkuntza gutxituak dituzten komunitateekin lankidetza sustatzeko hitzarmena sinatu dute Garabidek eta UEMAk

2015/01/01

Iturria: Uema.org

Garabide kooperazio era berri bat eginez, esperientzien elkar banaketan oinarritutako lankidetzan aritzen den elkartea da. Andoni Barreña elkarteko presidenteak agerraldian aipatu duenez, “Garabidek komunitateen arteko zubi lanak” egin nahi ditu. Eta norabide horretan, “jauzi kualitatibo” moduan aurkeztu du UEMArekin sinatutako hitzarmena. Batetik, Mankomunitateak “esperientzia aberatsa jaso” duelako bere ibilbidean eta baduelako zer konpartitu. Bestetik, UEMAk bere baitan dituen “71 udaletara hitzarmena zabaltzeko konpromisoa” hartu duelako.    

Maren Belastegik UEMAk “elkarlanerako duen jarrera irekia” nabarmendu nahi izan du. Eta Garabideren “laguntza” eskertuta, hizkuntza gutxituak dituzten herriekin “esperientziak partekatzea interesgarria” dela iritzi dio. Baina “ez soilik euskararen bidea erakusteko ikuspegitik, guk ere badaukagu zer ikasi hizkuntza gutxituak dauden herriengandik, eta beraz, elkarri lagundu eta bidelagun izatea da lortu nahi duguna.”  

UEMA osatzen duten udalek bakoitzak bere kasa kudeatzen du garapenerako lankidetzaren funtsen bat. Gaur egun, ordea, ia bere osotasunean garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuetara bideratzen da. Horregatik, bi aldeek nazioarteko garapen-lankidetzan hizkuntza irizpideak dagokion lekua izan dezan hitzarmena sinatu dute:

1. UEMAk nazioarteko garapen-lankidetzan udalek duten eskumenaren baitan, ondoko proposamena luzatuko die bere udalei:

a. Nazioarteko garapenerako lankidetzetan hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berria eranstea, lehendik daudenekin batera ibilbide propioa egin dezan. Jarduera-esparru berri honek hizkuntzak biziberritzeko proiektuak identifikatu, sustatu, garatu eta ebaluatuko dituen jarduera-esparru berezia izan beharko du.

b. Horretarako, UEMAk bere udalei lankidetza funtsaren %25 jatorrizko hizkuntzen biziberritze egitasmoetarako izatea.

c. Garapen-lankidetzan, hizkuntza-irizpidea gainerako jarduera-esparru guztietako egitasmoetan uztartuko den zehar-lerro berria izatea.

d. Garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuez gain, nazioarteko garapen-lankidetzak hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berri honen arloan bertako gizartearen sentiberatzea eta elkartasuna lortzeko jarduerak ere bultzatzea.

2. Udalei gaiaren inguruko argibide guztiak emateko, Garabidek behar den informazioa prestatuko dio UEMAri.

3. UEMAk Garabideren bidez, Euskal Herrira datozen nazioarteko lagunei berak administrazio esparruan duen esperientziaren berri emateko konpromisoa hartzen du, hala eskatzen bazaio.

4. Garabidek nazioartean UEMArentzako baliagarria izan litekeen esperientzien berri mankomunitateari emateko konpromisoa hartzen du.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus