Albisteak

Adituaren 2. kronika: Hegoekin hegan

2018/10/31

Hilabete pasa da Aditu Ikastaroa hasi zela eta lehen kronikan hasi genuen kontakizunak aurrera darrai. Hasteko, irudi bidez, eta ondotik hitzetara ekarriko dugu azken asteotan gertatutakoa:

Hezkuntzaren moduluarekin eman genion hasiera Aditu Ikastaroaren hirugarren asteari. Irakasle lanetan izan genuen Andoni Barreña Garabideko lehendakaria sarreran eta hezkuntza ez formalari buruzko azalpenak emateko Txatxilipurdiko Eneko Barberena izan genuen gurean. Ondoren haur eta gazteen aisialdiari buruzko saioa Urtxintxako Jasone Urrozolak gidatu zuen eta, noski, hankamotz geldituko litzateke ikasketa prozesua teoriatik praktikarako jauzia egin gabe. Horretarako, hezkuntza arloko bisita didaktikoak egiteko hain zuzen ere, hurbildu ginen Arizmendi Ikastolara, bai Basabeazpi guneko hezkuntza proiektua ezagutzera, baita Almenen konfiantzaren pedagogiak zertan datzan ikastera ere. Horrez gain, Tafallako Ikastolan aukera izan genuen ikusteko egoera soziolinguistikoa aldekoen ez denean ere nola den posible murgiltze eredua martxan jartzea eta saio ezin hunkigarriagoan bizipenak trukatzeko parada izan genuen ikasle, irakasle eta gurasoekin.

Ondotik etorri zen kultur ekoizpenari buruzko modulua eta Mikel Mendizabalek urratu zuen bidea kosmobisioari buruzko saioan. Mikel Etxaburuk hartu zuen lekukoa eta ariketa polita egin zuen ikasleekin: kutxa bana eman zien eta bertan gorde zituen norberak hizkuntzarekiko zituen etorkizunerako ametsak. Modulu honi bukaera borobila emateko Pirritx eta Porrotx aritu ziren irakasle lanetan, hizkuntzaren biziberritzea akaso espero ez litekeen ertzetik landu daitekeela erakutsi ziguten pailazoek.

Hirugarren astearen bukaeran hizkuntza eta generoa landu genituen. Batetik, Iraitz Agirre irakasle hartuta oinarri teorikoak lantzen eta, bestetik, Bilbon ospatu genuen “Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa” jardunaldiari esker. Pasa den astean jardunaldiko mahai-inguruaren kronikan eta blogean kontatu genizkizuen saioari buruzko xehetasun guztiak. Dena den, aipatzekoa da hori ez zela izan astean izan genuen jendaurreko saio bakarra. Gasteizen egon ginen EHUko letren fakultatean 120 ikaslerekin maputxe eta kurduen biziberritze esperientziak trukatzen eta Mai da bai” dokumentala ikusten. Barañainen ere dokumentala proiektatu zen, goizean kultur etxean Alaitz Institutuko ikasleekin eta arratsaldean Barañaingo gaztetxean, bietan solasaldi emankorrak izan genituen proiekzioaren ostean maputxe herriko ordezkariarekin. Gainera, Berriatuan izan ginen “arNASA txiKITXUAK” dokumentalaren proiekzioaren ondoren Kolonbiako nasa eta Ekuadorreko kitxua hizkuntzetako ordezkariekin solasaldi irekian.

Asteburuak Altsasura eraman gintuen, birritan gainera. Larunbatean Txikiak Handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan” topaketan izan ginen, tartean Mexikoko Yukantango maia hizkuntzaren ordezkari Yazmin Novelo garabidetarra aritu baitzen hizlari Yuuyum irrati maian egiten duten lana azaltzen. Igandea ere Altsasun pasa genuen Nafarroa Oinez ospatzen, sorpresa eta guzti, Yazmin Novelok kantatu baitzigun yukantango maiaz egonagatik ere ezaguna zitzaigun doinua.

Aditu Ikastaroaren laugarren astea IKTekin hasi genuen eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasle den Ander Bolibarrek azaldu zuen nola bultzatu dezakegun IKTen bidez hizkuntzaren biziberritzea eta zeintzuk diren horretarako eskura ditugun tresnak. Honekin lotuta, baina komunikabideen modulura salto eginik, Aitor Zuberogoitiak euskarazko hedabideei buruzko oinarrizko azalpenak eman zizkigun eta klasean ikasitakoa osatzeko bisita didaktikoak egin genituen proiektu desberdinak ezagutzeko: Euskalerria Irratian Reyes Ilintxeta eta Lohitzune Amatriak hartu gintuzten, Hala Bedi Irratian Gaizka Amondarainek, Berrian Martxelo Otamendik, EiTBren Donostiako egoitzan Garbiñe Uriak eta Asier Larrinagak, Mondraberrin Mari Jose Simonek eta Goienan Iban Arantzabalek.

Bukatzeko, gizarte aktibazioaren moduluan hiru ekimenetan jarri genuen arreta: Asier Amondok azaldu zigun Korrika zer den eta nola sortu zen, Marta Igoak Nafarroa Oinezen iragana, oraina eta geroa izan zituen hizpide eta, gizarte aktibaziorako ekimen baten atarian egonik, Euskaraldia zer den eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan nola garatuko den zehaztu genuen.

Ezin alde batera utzi honekin guztiarekin batera herriz herriko birarekin jarraitu genuela. Batetik, Usurbilen Mundualdia jaialdiaren baitan argazki erakusketa izan zen ikusgai hizkuntza lankidetza zer den bistaratzeko. Errenteriako Mikelazulon egon ginen Guatemalako hiru hizkuntza desberdinetako aktibisten ahotik euren hizkuntzaren biziberritzearen eta emakume gisa ahalduntzearen gaineko esperientziak entzuten eta bizipenak trukatzen bertaratu zirenekin. Donostiako EASO Politeknikoan ere solasaldian aritu ziren ikasleak Brasilgo kashinawa eta Kolonbiako Nasa ordezkariekin. Biraren urriko azken zitak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eta Oiartzunen egin genituen, “Mai da bai” dokumentala proiektatu eta maputxe ordezkariekin hizkelataldi irekian, batean zein bestean harrera ona izan zuten ekintzek.

Honaino ba bigarren kronikak eman duena, azaroaren 15ean izango duzue hirugarrena irakurgai hementxe bertan, gure webgunean. Bitartean, oroitu guztiaren berri emanten ari garela blogean, zein sare sozialetan (Twitter eta Facebook).

Agendari begira, hauek dira datozen eguneatan ditugun hitzorduak:

LAPURDI

BAIONA

  • Azaroak 6, asteartea, Etxepare Lizeoa

Aditu Ikastaroko 12 hizkuntza gutxitutako aktibisten eta ikasleen artekosolasaldi irekia.

 

GIPUZKOA

BEASAIN

  • Azaroak 14, asteazkena, 19:00, Igartza jauregia

Mahai ingurua: hizkuntzen biziberritzearen ertzak, euskaldunekin Mexikoko náhuatl eta yukatango maia hizkuntzetako ordezkariekin

 

ORIO

  • Azaroak 15, osteguna, 19:00, Salatxo aretoa

Mai da bai” dokumentalaren proiekzioaren ondotik maputxe herriko ordezkariarekin solasaldi irekia.

 

TOLOSA

  • Azaroak 21, asteazkena, 19:00, Kultur Etxea

Mahai-ingurua Kike Amonarriz eta Aditu Ikastaroko bi partaiderekin

 

ARABA

LEGUTIO

  • Azaroak 22, osteguna, 11:00, kultur etxea

Mahai-ingurua Aditu Ikastaroko bi partaiderekin

 

NAFARROA

BAZTAN

  • Azaroak 21, asteazkena, 19:00, Arizkunenea Kultur Etxea, Elizondo

Landa begiradak jaialdian mahai-ingurua Mexikoko náhuatl hizkuntzako TOSEPAN kooperatiba taldeko ordezkariarekin martxan jarri berri den hizkuntza planaz.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus