Albisteak

Euskal Herriko ordezkaritza nasa herrian da

2021/07/28

Uztailaren 18an heldu ziren Kolonbiako Caucara eskualdera Arkaitz Zarraga, Rosa Elizburu eta Itziar Amunategi, Garabideren ordezkariak. Badira urte batzuk Euskal Herriko zenbait lagun Kolonbiako Caucako nasa herriarekin hizkuntza biziberritzeko esperientziak eta ezagutzak trukatzen ari direla.  

Euskal Herriko hiru kideko ordezkaritza nasa herriarekin lanean ari da Caucan, Kolonbian, uztailaren 18az geroztik. Arkaitz Zarraga, Rosa Elizburu eta Itziar Amunategi, Garabideko ordezkariak, nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko proiektuaren bueltan joan dira nasa komunitatera, euskara biziberritzeko esperientziak eta ezagutzak trukatzera.

Zarraga, Elizburu eta Amunategi Garabide gobernuz kanpoko erakundeko partaideak dira. 2011n nasa indigena komunitatearekin proiektua martxan jarri zuten. Haien hizkuntza berreskuratzen eta biziberritzen laguntzen ari dira. 

Cauca Kolonbiako hegoaldean dago, Toribio inguruan, 2.500 metroko altueran. Komunitate nahiko zabala da eta nasak 300.000 biztanle inguru dira. Hizkuntzaren transmisioa asko galdu dute. Nasa yuwe hiztunak %30 inguru dira, gehienak nagusiak, beraz, transmisioa berreskuratzea da helburua. Nasek bizi duten egoera gogorra da; herri bakezalea den arren, indarkeria handia bizi dute alde guztietatik. 

Bakoitza bere arloa lantzen

Arkaitz Zarragaren arloa nagusien alfabetatzea da, helduen hizkuntza irakaskuntzaren metodologia eta planifikazioa garatu du bere ikasleekin jardunaldi hauetan. Sustatzaileei irakasten ari da non egon daitezkeen nasa yuwe hizkuntzaren biziberritze gakoak, eta horien artean, zer garrantzia estrategiko duen pertsona helduei hizkuntza propioa irakasteak. Horiek izan dira jardunaldiaren helburuak.

Horretarako, sustatzaileek bilatu dute komunikazio-zereginetan oinarritutako ikuspegi metodologikoaren printzipioak barneratzea. Horretarako, atazetan oinarritutako curriculumaren ezaugarriak aztertu dituzte eta, orain arte landutako A1erako materialak partekatu dituzte. Curriculum horren diseinuan nasen errealitate kulturalera egokitzeko ahalegina egiten ari dira, eta ikastaro honetan, hori ere kontuan hartu da.

Era berean, eduki komunikatiboak identifikatzen ikasi dute. Ataza bakoitza arrakastaz burutzeko, ikasleak bereganatu behar duena zer den aurreikusi eta eduki horiek irakasteko ariketak aztertu dituzte.  Eta praktikan jarri dituzte. Irakasleen etengabeko prestakuntza ezinbestekoa da, baina, are gehiago metodologia batean aritzen ikasteko. Horregatik, hainbat ariketa praktikan jarri dituzte: jokoak, audioak, bideoak, ariketa errepikakorrak... Ondoren, irakasleen sentsazioak jaso eta zalantzak argitu dituzte.

“Haurren hezkuntzatik hasi behar da hizkuntza irakasten, baina txiki horiek beraien hizkuntza berreskuratu arte urteak pasatuko dira. Horregatik, haurren prozesuarekin batera helduen alfabetatzea garrantzitsua da, eredu izango direlako, mezu garbia helaraziko dielako: hizkuntza denona da, garrantzitsua da, gauza eta egoera guztietarako baliagarria da”, azaldu du Elizburuk.

Elizburu nasekin partekatzen ari da hezkuntzan izan duen esperientzia guztia. “2013an hasi nintzen parte hartzen. Etorri nintzenean, lehenengo ikastetxea sortu zuten. 15 haur izan ziren. Eskola horretako hizkuntza nasa yuwea izan zen. Horrela sortu ziren beraien eskola propioak. Gurasoekin eta irakasleekin lanean aritu nintzen. Azken hiru urteetan irakasleen formakuntzan aritu naiz”. Orain, ume horiek hazten doazen heinean premia berriak sortu dira. LH1 mailako materiala eta programazioa sortzen ari dira nasa yuwe hizkuntzan irakasteko. Materiala online prestatzen aritu dira. Orain, bidaia honekin, aurrerapauso handia eman dute. “Ipuinak, abestiak, jolasak, hiztegiak, muralak sortzen aritu gara. Aste emankorra izan da. Taldea oso motibatuta dago. Eskola orduen erdia hizkuntza honetan egitea da asmoa”, azpimarratu du irakasleak. 

Azken hamarkadan nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko egindako lana bere fruituak ematen ari da. “Hezkuntzan, haur hezkuntzako eskola txikiak sortu zituzten. Lehen Hezkuntzan ere premia sortu da eta gurasoak eskaerak egiten ari dira. Hizkuntzaren zabalkundean aurrerapauso handia da. Bide onetik doaz. Hala ere, laguntza handia behar dute oraindik eta ahal dugun heinean gure esperientziak partekatuko ditugu beraiekin”, dio Elizburuk.

Eta Itziar Amunategi Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak eta kultura suspertzeko estrategiak partekatzen ari da nasa herriarekin. Objektiboki baloratu dituzte IKTek nasa yuwe hizkuntzaren biziberritzean dituzten eraginaren abantailak eta desabantailak, IKTen bilakaera. Euskararen normalizazio prozesuan eta beste hizkuntza indigenetan egindako esperientzia digitalak aurkeztu eta hausnartu dituzte jardunaldia hauetan.

Era berean, Amunategik software libreak, kode irekiak eta filosofia kolaboratibo-eraikitzaileak eskaintzen dituzten abantailak eta egokitasunak azaldu dizkie, hizkuntza ez-hegemonikoetan programatzeko eskaintzen dituzten aukerak zehaztuz.

Hezitzaileek, audioak, podcastak eta bideoak editatzeko hainbat programa erabiltzen ikasi dute, ondoren, parte-hartzaileek ariketa praktiko laburrak egin ahal izateko sortutako plataformetan eta Nasa Irratian.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus