Albisteak

Garabideren formazioan parte hartzen ari diren kitxua ekintzaileak Bilboko Euskararen Etxera egindako bisitan
Garabideren formazioan parte hartzen ari diren kitxua ekintzaileak Bilboko Euskararen Etxera egindako bisitan

Abian da kitxua ekintzaileentzako formazioa Euskal Herrian

2025/05/19

Ekuadorreko Imbabura probintziako hamar kitxua ekintzaile Euskal Herrian dira, Garabidek Sisariy elkartearekin duen proiektuaren baitan, haien hizkuntza biziberritzeko estrategien inguruko formazioa egiteko. Bi aste emango dituzte gurean, maiatzaren 19tik 30era, hainbat formazio, bisita eta hausnarketa saiotan parte hartzeko.

2020tik hiru ikastaro egin ditugu Imbaburan, eta ikastaroetatik zenbait biziberritze lantalde sortu dira, kitxua hizkuntza arlo jakinetan biziberritzeko. Tartean, hiru arlok urratu dute ibilbiderik emankorrena, eta haietan diharduten ekintzaileak ari dira truke honetan parte hartzen: hezkuntza arautukoak, helduen irakaskuntzakoak eta administrazio publikokoak.

Egonaldian zehar, biziberritze estrategien inguruko saio orokorrez gain, bisitaldi eta lansaio gehienak hiru arlo horietakoak izango dira, talde bakoitzeko kideek beraien helburu eta erronka espezifikoei buruzko gako eta estrategia zehatzak landu ditzaten. Bide horretan, ezinbestekoa izango da lantaldeekin aholkularitza lana egiten dabiltzan euskaldunen ekarpena, batez ere, Arizmendi ikastolarena hezkuntza arautuan, AEKrena helduen irakaskuntzan, eta Elhuyar Fundazioarena administrazio publikoetan hizkuntza-planak sustatzeko.

Gainera, hausnarketa saioak egingo ditugu bi asteotan. Bertan, Imbaburako kitxua hizkuntzaren egoera aztertuko dute, eta, hizkuntzaren alde martxan dituzten ekimenetatik abiatuta, ikasitakoa haien testuinguruan aplikatzeko estrategia eta ekintzak amestuko dituzte. Orduan hartzen baitu zentzu betea formazio teorikoak, praktikatik eta praktikarako egiten denean.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus