Albisteak

Kolonbiako 4.kronika: nasategia motore

2018/07/23

Diplomaturako 4. Modulua bi asteburutan zehar burutu dugu, uztailaren 7-8 eta 13-14an hain zuzen ere.

Aipagarria da, zalantzarik gabe, nasa yuwearen presentziaren gorakada. Kideek bidalitako bideo eta dokumentuetan antzeman bazitekeen ere, bertatik bertara bizitze  oso-oso atsegina izan da. Jarduera gehien-gehienak hizkuntza horretan egin dira eta gu izan gara gaztelania sartu dugunok. Sentsazio gazi-gozoa, benetan! Guretzako itzultzaileen behar urgentea ikusten hasi gara!!

Sustatzaileen lana ere txalogarria izan da. Rolandok gurekin batera egin du lan eta berak gidatu ditu jarduera gehienak. Carlosek ere bikain bete ditu koordinazio lanak, eta beste guztiek ere oso ekarpen ona egin dute. Gero eta prestutasun eta gaitasun handiagoak nabari zaizkie.

Helduen eskolen gaia landu dugu. Gure garai bateko gau-eskolen antzekoei laguntzea izan da gure helburua. Jada abian dira hainbat lekutan helduentzako eskolak. Talde batzuetan jada hizkuntza erabiltzen dutenak alfabetatzen dituzte. Beste batzuek, aldiz, hizkuntza jakin ez, eta eurenganatu nahi dituzten ikasleak dituzte.

Eskola horien eragina eta ikasle-eskaria nabarmen hazten ari dira, eta horrek nolabaiteko premiak ezarri dizkigu, eta ardura areagotu. Nasa yuwearen aldeko jarrerak eta harrotasuna hazten ari dira, bai herritarren artean, bai autoritateen artean. Horregatik, une honetan aukera handiak egon daitezke erantzun sendoa emateko alfabetatze eta nasayweratze eskakizunari.

Hori dela eta, lehenik horrelako ikastetxeek biziberritze prozesuan duten eraginaz aritu gara. Nasategia motore moduan ulertu behar da, hizkuntzaren transmisioa du lehen helburua, baina hizkuntzak bereganatu behar dituen esparru berrietan ere eragile izan behar du, Administrazioan, komertzioetan, aisialdian… Esparru horietako askotan hizkuntza sortu eta sustatu beharra dago, eta horretan helduen eskolek zer esan handia izango dute. Baina, gainera, helduen eskolen eskutik herri dinamikak sortuko dira, ekoizpen kulturala eta testuala ugaritu egingo dira… Beraz, merezi du, hizkuntza plangintzak aurrera ateratzeko, helduen eskolen aldeko apustu sendoa egitea.

Ondoren, helduen eskolak sortzeko, kontuan hartu behar diren aldagaiak bilatu ditugu. Benetan eraginkorrak izateko, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan: Lehenik, zentroa egongo den inguruaren ezaugarri soziolinguistikoak izan beharko dira kontuan. Hiztun kopuru handiak dituzten tokietan, alfabetatze eskaria handiagoa izango da, eta ezberdina hiztun gutxikoetan. Egoitza, baliabideak eta irakasleak ere beharrezkoak izango dira. Horiek kudeatzeko moduak bilatu behar dira, eta baliabideak aztertu. Baina, batez ere, metodologia egokia eta irakasleen prestakuntza dira ezinbestekoak. Alferrik da ikasgelak leporaino beteta izatea, benetan ezin badiegu ikasten lagundu, aspertzen badira, konturatzen badira ez dutela erabilerarako urratsa emateko gaitasunik eskuratzen…

Hori dela eta, 4. modulu honetan garrantzi berezia eman diogu irakasteko metodologiari. Atazetan oinarritutako proposamen didaktikoak landu ditugu, beti ere, Nasa herriaren errealitate sozial eta kulturalean oinarrituta. Horregatik, nasen kosmobisioak guztiz zipriztintzen ditu unitateak.

Orain arte zortzi unitate didaktiko daude landuta A1 mailarako eta ikastaro honetan horietara heltzeko egindako bidea erakutsi dugu. Unitateak ekintzara bideratuta daude eta diseinatuta daude hiztunei laguntzeko hizkuntza egoera errealetan erabiltzen. Hainbat hausnarketa partekatu ditugu eta praktika didaktikoak entseatu. Giro onean aritu gara ariketa modu batzuk landuta.

Baina metodologiak tresna didaktikoak behar ditu berme osoz gauzatzeko. Horien ezaugarriak aztertu eta material-tailerrak egin ditugu. Tailer horietan era guztietako baliabideak landu ditugu: ikus-entzunezko testuak, testu idatziak, hizkuntzaren alderdi ugari lantzeko ariketa jakinak… Trebetasun ezkutu batzuk ere piztu direla esango genuke.

Jarduera komunikatiboak ezagutzeaz gain, ikus-entzunezko material didaktikoari buruzko saio bat egin genuen. Bertan A1 mailarako egindako bideoak aztertu genituen, material egokia grabatzeko gakoak ulertzeko asmoz.

Azkenik, ikaskuntzarako materialak sortzeko, hainbat interes talde sortu genituen:

  • Kanta tradizionaletako letren transkripzioa - Transcripción de letras de canciones tradicionales
  • Hizkuntza ikasteko kantak sorkuntza - Creación de canciones para aprender lengua
  • Zer aprobetxatu dezakegu helduentzako A1 mailatik?  - ¿Qué podemos aprovechar del nivel A1 de adultos para niños?
  • Leku izenak nasa yuwez - Nombres de lugares en nasa yuwe
  • Hizkuntza paisaia nasa yuwez: dendetarako abisuak eta kartelak sortzea - Paisaje lingüístico en nasa yuwe: creación de carteles y avisos para tiendas y servicios
  • Esapideak nasa yuwez: eguneroko bizitzan erabilgarriak diren esapideen zerrenda sortzea - Fraseológico en nasa yuwe: creación de listado de frases útiles para usar en la vida cotidiana
  • Nasa kosmobisioari buruz hamar pertsonek ahozko eta idatzizko testuak sortzea - Creación de textos: descripción oral y por escrito de diez personas de la cosmovisión nasa

Azken egunean talde hauen “ekoizpenak” partekatzeko aukera izan genuen. Lan ederra egin zuten ikasleek: dagoeneko hiztegia ikasteko 7 abesti gehiago ditugu, hainbat abesti tradizional transkribatuta daude, baita kosmobisioaren 10 pertsonaia nagusiren deskribapenak ere, 70 bat toponimo nasa yuwez bildu dituzte, kartelak egiteko 50 proposamenetik gora, eta esaldi erabilgarriak dituen eskuorri bat ere bai.

Bukatzeko, aurrera begirako lanak marraztu ditugu. Epe batzuk ere ezarrita ditugu. Beraz, ereindako haziek fruitua ematen jarraituko dute epe labur-ertainean, gero eta lur emankorragoan daude eta.

Horiek guztiei EITBko Jon Artanoren eta Walter Izquierdo Aruhakoaren bisitak gehituta, 4. moduluaren balorazioa ezin da hobea izan.

             

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus