Albisteak

“AHALDUNTZEN: Hizkuntza eta generoa” jardunaldia

2018/10/03

Garabide elkarteak urteak daramatza hizkuntzak biziberritzeko estrategiak garatzen, hein handi batean, euskararen berreskuratzearen prozesuan ateratako ikasgaiak munduko beste hizkuntza gutxiagotuak dituzten komunitateetako kideekin lantzen. Asmo horrekin antolatu izan du azken urteotan Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak izeneko Aditu Ikastaroa eta aurten IV. edizioa dugu martxan irailetik abendura bitartean. Edizio honetan, generoa eta hizkuntzaren arteko lotura eta igurtzien azterketa eta hausnarketari garrantzia berezia eman gura zaio.

Aditu Ikastaroko partaideen egonaldia baliatuz, “Hizkuntza eta Generoa” ardatz izango dituen hitzordu eta ekimen sorta antolatu dugu, herri ezberdinetako esperientziak ezagutu eta igurtzian jarriz, hizkuntza biziberritzeak emakumearen ahalduntzeari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko gakoak identifikatu, gogoeta partekatuak sustatu eta zapalkuntzaren irakurketa anitzetatik, elkarlanerako bideak eta ikuspuntu anitzak elkarlotzeko. 

Aditu Ikastaroan parte hartzen ari diren herrietako emakumeak gaiaren inguruko euren lanketa propioa garatzen ari dira azken hilabeteotan, generoa eta hizkuntza gurutzatzen diren gogoeta eta praktiken inguruko tailerren bidez. Topaketa honek eskaintzen digun markoa baliatuta, euskararen biziberritze esperientzia abiapuntu bezala hartu eta emakumeen ahalduntzera begira atera daitezkeen ikasgaien inguruko ariketa ere egin nahi dugu Garabidetik. Generoa eta hizkuntzaren inguruko elkarguneez dezente hausnartzen ari gara mugimendu anitzetatik, baina hizkuntzaren biziberritze estrategietan ezarri nahi dugu fokua. Azken hamarkadetan egindako euskararen biziberritzetik, zein ikasgai atera dezakegu genero ikuspegitik? Nola lagundu diezaguke biziberritze estrategia honek emakumeon ahalduntzeari? Eta kontrara, zein ekarpen egin dakioke emakumeen ahalduntzeak hizkuntzaren biziberritzeari? Galdera horietatik abiatu nahi dugu gogoeta, datozen urteotara begira Garabiderentzat estrategiko gisa kokatu nahi den ildo honetan sakontzeko oinarri batzuk zehaztera begira.

 

Jardunaldiaren programa

Jardunaldiak hiru mugarri hartzen ditu bere baitan. Lehena, dagoeneko burutu da komunitateetan eta beste biak urriaren 19an gauzatuko dira Bilbon.

1. MUGARRIA: Hizkuntzaren biziberritze esperientziatik emakumeen ahalduntzerako ikasgaiak identifikatzeko saioak

Aurrelan gisa, Aditu Ikastaroa hasi baino lehen, azken hilabeteotan egin diren saioetan bai Garabideko kideok, bai Aditu Ikastaroan parte hartzen ari diren 4 emakumek, nork bere komunitatean, egin ditugu hizkuntzaren biziberritzean ahalduntzerako ikasgaiak identifikazio tailerrak. Hauek dira euskaldunez gain parte hartu duten hizkuntza komunitateak:

  • Yukatango maia (Mexiko)
  • Kaqchikel (Guatemala)
  • Nasa (Kolonbia)
  • Kitxua (Ekuador)

Egindako ibilbideari errepasu bat egin zaio, bilakaera honetan emakumeen ahalduntzerako interesgarriak izan daitezkeen praktika, gogoeta eta tresnak identifikatzeko. Era berean, emakumeen ahalduntze estrategiek hizkuntzaren biziberritzea nola elikatu dezaketen ere aztertu  da.

Euskaldunon kasuan, hizkuntzen biziberritzea izanik estrategia ardatza, gai honen inguruan diharduten eragileetako kideen artean egin dugu ariketa hau, bertan landutakoak eragile horietan lantzeko ikasgai  interesgarri izan daitezkeelakoan.  Talde oso handia izan barik, abiapuntu gisako dinamika emankorra antolatzea izan da helburu. Horregatik, hiru eragiletako kideen artean egin da ariketa: Garabide, EMUN eta Lanki.

 

2. MUGARRIA: Hizkuntza gutxituetako komunitateetako emakumeen arteko topaketa eta esperientzia trukaketa.

Azken hilabeteotan jatorriko herrietako emakumeek hizkuntzen biziberritzea eta emakumeen ahalduntzearen inguruan egindako tailerretan landutako ondorioak partekatuko dira Bilbon urriaren 19ko goizean ospatuko den topaketa honetan. Tailerra egin duten 4 komunitateez gain, Adituan parte hartzen ari diren 12 hizkuntza komunitatetako esperientziak trukatzeko espazioa izango da eta gogoeta orokorra ondorengo galdera erantzutera bideratu nahiko genuke: Hizkuntza biziberritzeko ibilbidetik, zein ikasbide atera dezakegu emakumeon ahalduntzera begira?

Era berean eta esperientzia praktiko interesgarri bat ezagutzera emateko helburuan, Euskal Herriko Mundu Martxako kideak gonbidatu ditugu saio honetara. EHMMn jatorri ezberdin eta anitzeko emakume askok parte hartzen duen plataforma herritarra da eta azken urteotan egindako lanari esker, euskara da antolakuntzarako darabilten hizkuntza nagusia. Praktika ona den heinean, esperientzia honen berri emango da tailerrean.  

Lan saioa izanik, ez da saio publikoa izango da eta emakumezkoak izango dira parte hartzaile guztiak. 

3. MUGARRIA: Hizkuntza eta generoa: zapalkuntza anitzen inguruan hausnartzeko mahai-ingurua (urriak 19, ostirala: 17:00-19:00) Bilbon, MUren Bilbao Berrikuntza Faktorian.

Arratsaldeko saio hau irekia izango da eta esperientzia ezberdinei eman gura zaie protagonismoa. Helburua, hizkuntza eta genero zapalkuntzen inguruko hausnarketa bideratzea da, zapalkuntzak eskutik doazela ulertzeko saiakera gisa. Saio honetan Aditu Tituluan parte hartzen arituko diren kideentzat abiapuntuko gogoeta bat sustatu nahi da eta Euskal Herriko esperientziaz gain, beste jatorri batzuetako errealitateak eta gogoetak ere mahai gaineratu gura dira.

Bi orduko mahai-ingurua izatea aurreikusten eta ondorengo hizlariek parte hartuko dute:

  • Lorea Agirre, kazetaria eta antropologoa
  • Suna Altun, aktibista kurdua
  • Yazmin Novelo, Yucantago maia aktibista (Mexiko)
  • Txerra Rodriguez soziolinguista
  • Dinamizatzailea: Iraitz Agirre

Mahai-ingurua euskaraz eta gazteleraz egingo da eta itzulpen zerbitzua bermatuko da.

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2017 Garabide

Jose Arana 13, 20540 Eskoriatza, Gipuzkoa
943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus