Aurrera goaz

Kooperatibismoa eta euskara izan ditu Jaime Bengoa Copreciko bazkideak mintzagai. Copreciren sorrera ez ezik, inguruko mugimendu kooperatibistak euskararekin duen konpromisoa ere partekatu ditu Bengoak: “Euskara lanerako hizkuntza ere bada, eta halaxe izan behar du”. Ikastolak ere aipatu ditu, eta emozionatu egin da orduan, gurasoek bera ikastolan sartu izana eskertuta.

Horrez gain, dakizuenez, Patxi Baztarrika Galparsororekin 10 hizkuntzetako 16 ordezkariak euskararen biziberritze prozesuaz aritu dira. 16 + 1 izan dira hobeto esanda, inoiz izan duen ikasle gazteena ere bertan baitzen: 17 egun eskas dituen Rosalba txikia.

Baztarrika hitz egitera zihoala hasi da Rosalba kexaka, hitzaldia entzuteko gogorik ez nonbait. Horren kontura barre egin eta gero hitza hartu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izandakoak. Baztarrikak datu andana eman ditu, euskara biziberritzen ari dela erakusten dutenak. Dena dela, eztabaida gehien estandarizazio prozesuaren gaiak sortu du.  Rif-eko amazigh hiztunak, esaterako kezka adierazi du: “Hizkuntzen estandarizazioaz ari garela, min ematen didana hauxe da: hizkuntzaren zati bat galdu egiten dela, ondare baliotsu bat desagertu egiten dela. Eta nik ez nuke ezer galtzerik nahi”.

Baztarrikak kezka hori ulertzen duela esan dio, baina ez duela uste hizkuntzaren galera estandarizazioak eragiten duenik. Haren ustez “beharbada zer edo zer galduko da, baina erabileran eta zabalkuntzan irabazi egingo du, izugarri”.

Horren harira gurera ekarri dituen Mitxelenaren hitzok aipatuz emango diogu amaiera gaurko honi:

“Euskara ez da euskara batuarekin soilik salbatuko. Baina bera gabe, ziur dakigu galdu egingo dela”.

Laster arte!