Aurrera goaz

Kooperatibismoa eta euskara izan ditu Jaime Bengoa Copreciko bazkideak mintzagai. Copreciren sorrera ez ezik, inguruko mugimendu kooperatibistak euskararekin duen konpromisoa ere partekatu ditu Bengoak: “Euskara lanerako hizkuntza ere bada, eta halaxe izan behar du”. Ikastolak ere aipatu ditu, eta emozionatu egin da orduan, gurasoek bera ikastolan sartu izana eskertuta.

Horrez gain, dakizuenez, Patxi Baztarrika Galparsororekin 10 hizkuntzetako 16 ordezkariak euskararen biziberritze prozesuaz aritu dira. 16 + 1 izan dira hobeto esanda, inoiz izan duen ikasle gazteena ere bertan baitzen: 17 egun eskas dituen Rosalba txikia.

Baztarrika hitz egitera zihoala hasi da Rosalba kexaka, hitzaldia entzuteko gogorik ez nonbait. Horren kontura barre egin eta gero hitza hartu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izandakoak.