Anabasa

Andoni Barreña

Eguna argitu ahala Aretxabaletako MUren egoitzara hurreratzean, puama cheïru atera zait lagun guaraniak ikusita, zerbait kostata, jakina. Segidan puama cheïrureta ahoskatu dut, lagun bi direla jabetzean eta pluraleko forma erabili behar dudala ohartzean.

Handik gutxira beste agur bat behar izan dut, agurrak zehatza izanik, hiru lagun maia hurbiltzen ikusi baititut. Baina zein ote dira agur egokiak? Xsaqär, saqarik, b’anu ala ma’alob k’iin? –kaqchikela, k’ich’ea, q’echi’a, mayat’aana-.

B’anu! Esan dut, eta ma’alob k’iin ti tuláakale’ex erantzun dit batek, mayat’aan hizkuntza erabiliz, eta xsaqär besteek. Egun on ere gaineratu dute.

Hotz dela eta ea hemendik aurrera horrelakoa izango den aroa galdetu didate. Ez dut gogoan zer erantzun diedan.

Ikasgelara sartzean, egun on entzun dut, eta nik, duda izan ondoren, mari mari konpuche, imanalla mashikuna eta ma’kwe pe’te esan dut –mapuzungunez, kichwaz, nasa yuwez-.

Nire garunak eztanda egin dit, edo matxinatu egin zait, edo beharbada buxatu zait. Hainbatean, gainezka ere izan dezaket.

Kontua da rojbas, shaba una numamē eta tanesik agurrak ez ditudala erabili -kurdueraz, hãtxa kuĩz, nahuataz-.

Hizkuntza anabasa honetan, anabasa aberasgarri honetan, burura etorri zait orain dela 15en bat urte Stella González hizkuntzalari kolonbiarrak kontatutakoa. Kolonbiako Amazonia inguruan, Vaupés ibaiaren ertzean dagoen 200 bizilagun dituen herrixka batean 10en bat hizkuntza egiten ei dituztela, eta bertako emakumeak, arropak garbitzen elkartzen direnean, elkarrizketa bakoitzak berea erabiliz izaten ei dela, eta ez ei dutela arazorik izaten, denek denenak ulertu egiten dituztelako.

Amazoniako emakume indigenen garuna beharko nuke neuk ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude