Zer da Garabide?

Kooperazio era berria egiten duen elkartea da Garabide, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza.

Lankidetza klasikoan gailendu izan den “Zenbat diru dugu emateko?” galderari buelta pare bat eman eta “Zein esperientzia dugu elkartrukatzeko?” galdegiten hasi ginen 2005ean Garabiden lankidetzaren bideari ekin genionean. Izan ere, Kooperazioa laguntza asistentziala izan ez dadin, hori da  herri batek planteatu behar duena. Jabetu ginen itaun berri horrek lagunduak-laguntzaileak dinamika aldatzen duela eta bi poloak jakintza eta bizipenen hartzaile eta emaile bilakatzen dituela, berdinen arteko lankidetza harremana sortuz. Hortik sortzen da kooperaziorik duinena eta aberatsena.

Hizkuntza lankidetza

Gure herriak munduarekin partekatzeko zein esperientzia edo jardunbide dituen pentsatzen hasiz, berehala dator burura euskararen biziberritze esperientzia. Ekimen zibiletik sortutako azpiegitura sarea oinarri izan duen hizkuntza biziberritze esperientzia moduan ez du pareko gehiegi eta jakintza hori altxorra da munduko hizkuntzen galera prozesua inoiz baino biziago den honetan.

Espererientzien elkartrukea

Hizkuntza gutxituak dituzten Hegoaldeko herri indigenekin euskararen berreskurapen esperientzia hori partekatzea da gure helburua, beti ere hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzeak jasangarritasunarekin, giza eskubideen defentsarekin eta ekitatearekin duen nahitaezko ikuspegitik. Partekatzetik, euren ekimenak ezagutu eta modu eragilean euskalgintzaren esperientzia nazioartean zabaldu nahi dugu. Izan ere, zenbait herri indigena, hainbat arlotan, guk orain 50 urte bizi izan genuen egoeran daude. Ezagun eta gertuko egiten zaizkigu haien kontakizunak eta horrek konplizitate eta enpatia handia sortzen du. Dituzten kezka eta arazoak guk, geure baitan, bizi ditugun edo bizi izan ditugunen berdinak edo oso antzekoak dira. Euskalgintza modernoak azken 40-50 urtetan egindako lana handia da oso, aurrerapauso handiak eman ditu eta erreferente bihurtzen ari da beste herri askorentzako, nahiz eta euskarak ere baduen oraindik ere besteengandik zer ikasia.

Informazio gehiago: garabide.eus webgunean