Ebaluazio ebolutiboa

Ohartu zarete hezkuntzan orain gutxixeago hitz egiten dela ebaluazio jarraituari buruz? Garai batean puri-purian egon zen hezkuntzaren diskurtsoan baina ez dakit ez ote duen indarrik galdu. “Ebaluazio jarraia” esaten zen orduan, Euskaltzaindiak “jarraitua” hobetsi arte. Ebaluazio jarraitua aldarrikatu eta beherala “kontrol” hitza agertu zen. Kontrola, hitz itsusiagorik! Ebaluzio jarraitua ez, baizik eta kontrolak noiznahi, bata bestearen jarraian. Gaztelaniaz are politagoa esaten zen hitz-jokoa: “evaluaciĆ³n continua vs. continuas evaluaciones”.

Kostatu da ebaluazio jarrituaren kontzeptua proiektuen ebaluaziora iristea. Proiektuen, programen eta planen ebaluazioa inpaktuen ebaluziorari eta amaierako ebaluazioari begira egon baita eta dago: “Esan genuena egin dugu?” “Horrek sortu al du espero genuen inpaktua?”.

Oso planteamendu lineala da, konplexitatea bere baitan biltzen ez duena. Testuinguru konplexu batean, ordea, ezezagunarekin jokatzen dugunean, irtenbideak ez dira hasiera-hasieratik garbi, baizik eta, sarritan, prozesuan zehar azalarazten dira.

Duela gutxi, Agirre Lehendakari Center taldeak artikulu interesgarri bat argitaratu zuen “ebaluazio ebolutiboari” buruz.

Haien ustez galderak aldatzea da gakoa: Egiten ari garena laguntzen ari da helburuak lortzeko? Zer gertatzen ari da? Zer funtzionatzen ari da? Zer aldatu behar da? Zer mantendu behar dugu? Zeintzuk prozesuren inguruan ari da entusiasmoa sortzen? Zenolako narratibak ari dira azalarazten? Narratiba horiek baliagarriak izango zaizkigu sistemak aldatzeko? Zeintzuk eragile berri ari dira azaltzen?

Artikulua laburtu beharko banu, niri bost puntu egin zaizkit bereziki deigarriak. Aholku moduan jaso ditut hemen:

  • Egiten ditugun ekintzen datuak jaso. Egiten duguna dokumentatu.
  • Ebaluazio ebolutiboa erabili, sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzeko. Horretarako entzute sakona erabiltzea proposatzen dute.
  • Prozesuan zehar, eztabaidak eta erabakiak ere dokumentatu, erarik onena baita prozesuan azalarazten ari diren kontuak jasotzeko (etorkizun emerjentea).
  • Tarteka gogoeta-saioak antolatu datu horien gainean jarduteko: “Horrek zer esan nahi du?” “Zein da hurrengo urratsa?
  • Denok gara ebaluazioaren parte, baina komeni da funtzioak banatzea. Bada funtzio bat bereziki zaindu behar dena: “lagun kritikoa” deitzen diote. Lagun kritikoa zintzoa da, egiten ari garena zalantzatan jartzen du etengabe, baina gauzak era konstruktiboan azaltzen asmatzen du. Ez da erraza, gero!

Artikulua hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude