Ikilimikiliklik!

Ia astebete pasa da jada hizkuntzak biziberritzeko abenturatxo honetan murgildu ginenetik… Aretxabaletako plazan genuen hitzordua eta hamabi hizkuntza komunitateetako aktibistak apurka-apurka gerturatu ziren bertara. Eguzkiak ere ezin izan zion planari ezezkoa eman eta halaxe ibili ziren batzuk besteen kapelei inbidiaz begiratzen!

Herritik buelta bat eman eta gero, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta hara non lehenengo platera gordetzen zuen lapikoa ezin ireki.

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Gosea zuen orok eman zuen bere iritzia eta proposatu arrain-zopa bertatik ateratzeko modua. “Nire etxean horrela egiten da”, “nik behin honelako bat kolpeka ireki nuen”, “zergatik ez gara koilara batekin saiatzen?”. Saltsa guzti horren erdian euren entsalada mahaian aspaldi zuten barazkijaleak ziren kezkarik gabe zeuden bakarrak.

Argazkia: Markel Bazanbide eta Ane Zuazubiskar

Batzuk arroza platerean zuten aspaldi eta amalurrari eskerrak ematen hasiak ziren jangelaren beste aldetik berria entzun zenean: “ireki dugu, salda badago!”. Mezua iragarri zuena, ordea, ez zen nasa yuwea, euskara edo mapuzunguna izan, ezta gaztelania ere: euren aurpegiek hitz egin ziguten, eta ez euren ahoek.