“Komeni zaigu hizkuntzaren biziberritzean espiritualtasunaren balioez hausnartzea”

[Mikel Mendizabalek Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Kolonbidako Kauka eskualdean bizi den Nasa herriari buruzkoak ekarri ditu Garabideko Mikel Mendizabalek gurera. Nasa yuwe da bertako hizkuntza eta azken urteetan beherakada handia izan du. Hargatik, bertako Toribio eskualdean apustu handia egin dute: 30 urte barru Toribioko haur, gazte eta helduak nasa yuwe hizkuntzan bizitzea.

Erronka horretarako hizkuntza eragil taldea sortu zuten duela zenbait urte eta horiek dihardute hizkuntza politikak diseinatzen. Besteak beste, Garabide elkartea ere elkarlanean ari da eurekin. Nasa komunitatearen txamanekin biltzar bat egingo dute nasen izpirituekin harremanetan jarri eta plangintzaren armonizazioa lor dezaten. Euskaldunok horretatik zer ikasia izan dezakegula iruditzen zaio Mendizabali.