“Batu estandarra euskalki guztietako kolorez zipriztindu daiteke, ez alderantziz”

[Kike Amonarrizek Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak ikastaroan parte hartzen ari zen indigenei mintzaldi bat eskaini zien Kike Amonarrizek, eta esan zien haien hizkuntzen eta euskararen artean antzekotasuna bazegoela: estandarraren eta aldaeren arteko eztabaida.

Indigenek, gainera, hizkuntza bera izendatzeko ere hitz bat baino gehiago baliatzen dituzte euren komunitateetan. Kontuak kontu, Amonarrizek uste du zortekoak garela euskara batua dugulako. Izan ere, hizkuntza batzea lortu ez duten komunitateek urruntzera jotzen dute. Gurean ere, hizkuntza komunitatea euskara batutik aldentzen bada, ipar-hego mugaren arrakala handitzeko arriskua dagoela uste du Amonarrizek.

“Komeni zaigu hizkuntzaren biziberritzean espiritualtasunaren balioez hausnartzea”

[Mikel Mendizabalek Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Kolonbidako Kauka eskualdean bizi den Nasa herriari buruzkoak ekarri ditu Garabideko Mikel Mendizabalek gurera. Nasa yuwe da bertako hizkuntza eta azken urteetan beherakada handia izan du. Hargatik, bertako Toribio eskualdean apustu handia egin dute: 30 urte barru Toribioko haur, gazte eta helduak nasa yuwe hizkuntzan bizitzea.

Erronka horretarako hizkuntza eragil taldea sortu zuten duela zenbait urte eta horiek dihardute hizkuntza politikak diseinatzen. Besteak beste, Garabide elkartea ere elkarlanean ari da eurekin. Nasa komunitatearen txamanekin biltzar bat egingo dute nasen izpirituekin harremanetan jarri eta plangintzaren armonizazioa lor dezaten. Euskaldunok horretatik zer ikasia izan dezakegula iruditzen zaio Mendizabali.

 

“Hemen egina inspiragarri egin dakieke, baina guk ere eurengandik ikas genezake”

[Maddi Iñarrak Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Udazkenarekin batera bederatzi hizkuntza komunitatetako hostoek koloreztatu dute euskal orbela. Hasi dira pagoak gorritzen eta gurean ditugu jada Garabidek eta HUHEZIk elkarlanean antolatzen dugun “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” Aditu Ikastaroan parte hartzera etorritako 18 ordezkari indigenak. Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia eta Beninetik etorri zaizkigu euskararen biziberritze esperientzia ezagutzera eta, bide batez, beraien herrialdetan hizkuntzaren eta kulturaren alde garatzen ari diren proiektuen berri ematera.  Musika irakasle eta gitarrak jole nahuatl-a, poeta eta militante sozio-politiko-kultural maiak, hizkuntza promotore eta haur eskolako irakasle nasak, irakasle, doktore eta kazetari kitxuak, hizkuntza barnetegitan barna dabilen maputxea, zuzenbide eta filosofian lizentziatutako baribak eta Boliviako Unibertsitate Indigenako kide guarani eta aimarak, beraien hizkuntza eta identitatearen aldeko militanteak guztiak.

Ikastera bakarrik ez ikustera ere etorri direlako, lurrartu orduko Bergarako kilometroetan izan ginen. 39.edizio honetan batutako jende andanarekin harritu ziren asko, baina azaldu genien nola Beasaingo lehen edizio hartan 15.000 mila pertsona inguru batu ziren. Hasiera guztiak izaten baitira xumeak, baita euskararen berreskuratze esperientziarena ere.

Kilometrotan hasi eta Durangoko Azokak ateak itxi bitartean, fakultateko gelan bakarrik ez, Euskal Herrian barrena ibiliko gara azken 50 urte hauetan gure hizkuntzaren alde aurrera eraman diren arlo desberdinetako ekimenak bertatik bertara ezagutzeko. Nafarroa Oinez, Euskaltzaindia, UZEI, Berria, Argia, Goiena, Tafallako Ikastola, Mintzola, Seaska, Bilboko Kafe Antzokia, EMUN, AEK… Hizkuntza angelu desberdinetatik indartu duten erakundeak bisitatuko ditugu eta ziur horien inguruko gogoeta interesgarriak sortuko direla gure gonbidatu nahuatl, nasa, kitxua, maputxe, maia, aimara, guarani eta bariben eskutik. Hemen egindakoa inspiragarri egin baitzaieke, baina beraien esperientziatik ere guk ikas genezakeela ez dugu zalantzan jartzen.

Euskal Herrian barrena ibiliko gara guztiok datozen hiru hilabeteotan eta webgune zein sare sozial bidez gure arrastoa jarraitzera animatu eta, nahi izanez gero, gurekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu hizkuntza aktibista hauek hobeto ezagutu eta zure ekarpena egiteko.

 

“Hizkuntza ordezkapena ugaritu da, eta hizkuntzak desagertzen ari dira”

[Joanes Igeregik Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Munduan badira 6000 edo 7000 hizkuntza, neurketa ezberdinen arabera, eta 200 estatu inguru baino ez. Estatu gehienek hainbat hizkuntza komunitate hartzen dituzte bere baitan, 30-35 batez beste. Nola kudeatu estatu baten baitako aniztasun hau? Beharrezkoa al da estatu bakoitzeko herritar guztiek hizkuntza bera egitea? Hizkuntza komun bat ez izatea traba bat al da estatuaren funtzionamendurako?

Estatu gehienek beharrezkotzat jo izan dute herritar guztiek menderatzen duten hizkuntza komun bat izatea, eta estatuaren lurralde osoak hizkuntza bakar horretan funtzionatzea. Horretarako, gehiengoaren hizkuntza sustatu izan dute batzuetan, eta gutxiengo elite batena beste askotan. Horren eraginez, azken mendeetan, hizkuntza gutxi batzuek sekulako hedapena lortu dute, hizkuntza ordezkapen prozesuak ugaritu eta azeleratu egin dira, eta hizkuntzak desagertzen ari dira, historian aurrekaririk ez duen erritmoan.

Esandako guztiaren adierazle garbia da Amerika kontinentea, bertako indigenek gero eta gehiago Abya Yala deitzen dutena, Kuna hizkuntzan. 1000 hizkuntzatik gora bizi dira bertan, 37 estatutan banatuta, baina atzerriko 3 hizkuntza ofizial dira nagusi ia kontinente osoan: Gaztelera, Ingelesa eta Portugesa. 1000 hizkuntza hauetatik 600 baino gehiago arrisku larrian daude, eta ia guztiek familia transmisioan gero eta eten nabarmenagoa dute.

Asko dira hizkuntza ordezkapena bultzatu duten faktoreak: hizkuntza komunitate hegemonikoaren botere politiko eta sozio-ekonomikoa, jatorrizko hiztunen bazterketa, hizkuntza komunitateak zatitzen dituzten banaketa administratiboak, hizkuntza bakoitzaren estatus legal ezberdinduak, jatorrizko hizkuntzak gizarte funtzio batzuetan erabiltzeko ezintasuna… Beste hainbat aipatu genitzake, baina zalantzarik gabe, hezkuntza sistema izan da ordezkapenerako arma garrantzitsuenetako bat, eta honen baitan, eskola.

Bost mendetan zehar, testuinguru arrotz batean, beraien hizkuntza eta kulturari tinko eutsi dioten hizkuntza komunitate askok ere, eskola beraien errealitatera heldu eta hamarkada gutxitan, atzerakada nabarmena izan dute. Belaunaldi berrientzako gero eta garrantzitsuagoa da hezkuntza formala jasotzea,ero eta gehiago dira eskolatutako indigenak. Eskolak, baina, aukera bital berriak zabaltzeaz gain, haien jatorria ukatzea dakar sarriegitan: komunitatetik urruntzea, arbasoen identitatea eta kultura ukatzea, bizi eredu atzerritar bat besarkatzea, hizkuntza galtzea.

XVIII eta XIX. mendeetan sortu eta hedatu ziren eskolak, ordura arte familiek, elizak edo banakako irakasleek ematen zuten hezkuntza osatu edota ordezkatzeko. Hasiera batean, Abya Yalako jatorrizko hiztunek ez zuten eskolara sarbiderik. XX. mende hasieran hasi zen indigenen eskolatzea, besteak beste hauei hizkuntza hegemonikoak irakasteko helburuarekin. Gazteleraren eraginpean zeuden herrialdeetan, “Programas de Castellanización” delakoak jarri ziren martxan. Kasu batzuetan Gaztelera hutsez funtzionatzen zuten. Beste batzuetan, jatorrizko hizkuntza ere erabiltzen zuten, Gazteleraren jabekuntza errazteko.

Azken hamarkadetan, “Educación Intercultural Bilingüe” edo EIB izeneko programak hedatu dira. Programa hauek ikasle elebidunak hezteko helburua dute, ustez behintzat, baina Gaztelera hedatzeko programen hizkuntza eredu bera darabilte: jatorrizko hizkuntzak ordu gutxi batzuk izaten ditu eskolako lehen urteetan, eta askotan berau ematen duten irakasleek ez dute hizkuntza menderatzen. Einsteinek beste modu batean adierazi zuen bezala, emaitza ezberdinak bilatuz gero, inozoa da beti berdina egiten jarraitzea.

Paradoxa badirudi ere, Kulturarteko Hezkuntza Elebiduna martxan jarri zenetik, jatorrizko hizkuntzak berreskuratu edo galera gelditu beharrean, galera azeleratu egin da. Gero eta gehiago dira seme-alabei hizkuntza hegemonikoa transmititzea erabakitzen duten familiak, eta eskolan astean bi edo hiru orduz lantzea ez da nahikoa hizkuntza gutxitu bat menderatzeko.

Estatuak sustatzen duen hezkuntza elebidunaren mugak ikusita, murgiltze ereduak martxan jartzen ari dira zenbait eragile indigena. Badira adibideak Mexikoko Nahuatl, Guatemalako Kaqchikel edo Kolonbiako Nasa Yuwe hizkuntzetan esaterako. Esperientzia hauen bitartez, Abya Yalako historian lehendabizikoz, etxean jatorrizko hizkuntza jaso ez duten umeak ere ari dira eskolan ikasten. Ez da marka makala.

Baina lehenago aipatu bezala, hizkuntza ordezkapena faktore askotarikoek bultzatzen dute, eta hauen berreskurapena ezingo da bide bakarretik etorri. Beharrezkoa da korpusean, estandarizazioan, hedabideetan, lan eremuan, administrazioan, aisialdian, kultura sorkuntzan eta abarretan ere pausuak ematea, eta hizkuntzaren aldeko eragileek elkarlanean jardutea. Belaunaldi berrien jabekuntza bermatzeaz gain, gurasoek hizkuntza segurtasunez transmititzeko baldintzak sortu behar dira, eta adin guztietako herritarrak hizkuntza horretan normaltasunez bizitzeko bitartekoak ere bai, bide horretan hizkuntza bera aberastuz.

Bestela, ezagutzaren bideak laster aurkituko du erabileraren horma eta motibazioaren balazta. Horretaz ere ikasi dugu zerbait euskararen herrian, eta badaukagu zer ikasia.

GureazBlai 2015-2016 denboraldia

Hauek dira Garabideko kideok hizkuntza lankidetza hizpide hartuta Info7 irratiko GureazBlai irratsaioan azken denboraldian egin ditugun kolaborazioak:

1.- Maddi Iñarra:
Hizkuntzen desagerpena zuzenki lotuta dago egiturazko pobreziarekin

2.- Jon Sarasua
Besteei begira, gureari zimur gehiago ikusten dizkiot; ederragoa ere iruditzen zait

3.- Mikel Mendizabal
Euskaldunontzat harrigarria da nasa indigenek hizkuntzaren alde duten konpromisoa

4.- Kike Amonarriz
Zer eta zergatik egiten dugun baldin badakigu, aldatzeko aukera erreala hurbilago izango dugu

5.- Txema Abarrategi
Hizkuntza txikiak mendeetan iraun du, munduaren handitasunari neurria hartzeko balio izan du

6.- Igone Baztarrika eta Olatz Olaso
Biziberritze esperientziak trukatzea gakoa da gure egitekoari hobeto erantzuteko

7.- Xan Aire eta Karine Etxeberri
Hiztun komunitateen arteko trukeak norbera ere indartzen du

8.- Ander Bolibar
Hizkuntza aniztasuna ere egunero borrokatzen da sarean

Mila esker parte hartu duzuen guztioi eta Info7ri tarte hau eskaintzeagatik.

“Hizkuntza aniztasuna ere egunero borrokatzen da sarean”

[Ander Bolibarrek Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Zeintzuk dira euskara bezalako hizkuntza batek metatu dituen IKT esperientziak? Zertan izan daitezke erabilgarri munduko beste hizkuntza gutxituentzat? Eta guk, zein esperientzietatik edan dezakegu?

Garabideko kide den Ander Bolibarrek Internetek hizkuntzen arloan dituen onurak nabarmendu ditu. Euskarak metatu dituen IKT Informazio eta Komunikazio Teknologien esperientziak beste komunitate batzuei ere balio diezaieke. Bolibarren ustez, .EUS domeinua dugunetik sarea bera etxe gisa bizi dugu euskaldunok, baina beste hizkuntza gutxituetako komunitate batzuek ere badihardute sare sozialetan presentzia izateko lehian.

“Hiztun komunitateen arteko trukeak norbera ere indartzen du”

[Xan Airek eta Karine Etxeberrik Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Munduko hizkuntza gutxituekin izandako harremanak aipatu dituzte, hasteko, Etxeberrik azaldu du Kaledonia Berrian hizkuntza askoren arteko kudeaketa zaila dela, baina urtean behin hizkuntza komunitate guztiak kantu txapelketa batean biltzen direla. Airek, berriz, bretainieraren aldeko ‘ar Redadeg’ dinamika nabarmendu du, ohituak gauden Korrikan baino jende gutxiagok parte hartu arren, oso hunkigarria izan zela lehen edizioa. Ipar Kataluniako kasuan, berriz, herritarren mugimenduari esker katalana koofizial izendatu dute, Aireren ustez, nahi bada posible dela erakusten du horrek. Hargatik, beste komunitateen esperientzietatik ikastea aberasgarria dela ondorioztatu dute.

 

“Biziberritze esperientziak trukatzea gakoa da gure egitekoari hobeto erantzuteko”

[Igone Baztarrikak eta Olatz Olasok Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]
Biziberritze prozesuetan ari diren gainerako hiztun komunitateengandik zer ikasia badugula uste dute, baita komunitate horiei zer eskainia ere. EMUNen kasuan, komunitate katalanarekin gauzatu dute trukea eta hortik sortu dituzte TELP tailerrak. Donostia 2016ko egitarauaren baitan, berriz, Hitzargiak proiektuarekin lanean ari dira eta beste komunitateetako esperientzien berri izateko aukera izan dute.
EMUN kooperatibako Igone Baztarrikak eta Olatz Olasok hausnarketa eskaini digute. Hizkuntzaren biziberritzean lanean ari direnei erreparatu diete, eurek eremu horretan modu profesionalean aritzeko aukera baitute.

“Komunitate indigenengandik asko ikasteko aukera dugu”

[Andoni Barreñak Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Hizkuntza kooperazioaren onurez ohartzeko hainbat galdera planteatu dizkigu Garabideko Andoni Barreñak. Hizkuntza gutxituetako komunitate indigenekin esperientzia elkartrukatu nahi dute, Euskal Herriak herri gisa metatutako jakintza partekatu eta besteengandik ikasteko aukera baliatu. Eskaintzeko daukaguna euskara biziberritzeko esperientzia izan daiteke, Barreñaren ustez, baina komunitate indigenengandik asko ikasteko aukera ere badugu.

“Hizkuntza txikiak mendeetan iraun du, munduaren handitasunari neurria hartzeko balio izan du”

[Txema Abarrategik Info7ko GureazBlai irratsaiorako egindako kolaborazioa]

Hizkuntza txikien handitasunari begiratu dio Garabideko Txema Abarrategik gaurkoan. Haren ustez, zenbait hizkuntzatako kontuak kopuru handietan zenbatu behar badira ere, hori ez da guztien kasua. Munduko mintzairen erdiak baino gehiagok ez duelako hiztun kopuru handirik, eta horietako zenbait adibide ere aipatu ditu. Hizkuntza hegemonikoek mundua irakurtzeko kode bakarrak bultzatzen dituztenez, hizkuntza txikiek behar duten bultzada nabarmendu du.

Txikiaren handitasuna

Ehunka milioitaraino zenbatu daitezke madarin-txineraz biraoren bat esan lezaketen pertsonak. Asko dira, halaber, hamarka milioi gutxienez, inoiz poesiaren bat arabieraz irakurri dutenak (ez horrenbeste, irakurri ondoren zizpuru luzea egin dutenak), baina asko dira, bai, benetan.

Eta milioiek, gazte eta zaharrek, pozik eta haserre, alemanez, baita tokirik pentsaezinetan ere, abestu dutenak noizbait. Neska-mutil anitz dukegu bai, Wagnerren hizkuntzan ere desafinatzen duenik. Ehunka milaka gizon-emakume ingelesez washapa une honetantxe bidali berri dutenak. Kopuru izugarriak.

Eta milaka eta milaka lagun badituzu istant honetan bilaka. Hitz egokia topatu guran, ahoz edo idatziz esaldia biribiltzeko. Berba bati tiraka, urduz, albanieraz, bantuz, hindiz, errusieraz, tagaloz, turkieraz edo japonieraz.

Kopuru handietan zenbatu behar baitira hizkuntza batzuetako kontuak.
Ez denenak, ordea.

Hara zenbakien sokari segituz: 8 hizkuntza ditugu munduan 100 milioi hiztun baino gehiagorekin, beste 80 bat dira 10 milioi hiztun baino gehiagorekin eta beste 300en bat hizkuntzatan milioi batetik gora hiztun biltzen dira. Eta hortik beherako zenbatekoetan, hizkuntzen %80. Edo are beheragoko numeroetan beste asko: izan ere, munduko mintzairen erdiak baino gehiagok ez baitu Barakaldok duen barakaldar beste hiztun.
Hala banatuta bizi dugu munduko mintzoa, halaxe mintzo zaigu planeta. Batzuetan milioika mihi soinu bertsuan dantzarazita, bestetan aho gutxi batzuen sorkariz. Entzun, Nigerian 500 mintzaira baino gehiago xuxurlaka, Papua Ginea Berrian 800 idiomen doinu-sinfonia. Estatu Batuetan ere ehunka hizkuntza komunitate eta, paradoxaren bitxia, Txinan bezala, hizkuntza ofizialik ez estatuon federazioan. Nork behar du eta zertarako ofizialtasuna, ezta?

Baina jo dezagun behingoz txikira. Dakargun asko-asko direnen aldean gutxi garenona, gatozen handitik urrira, goza dezagun ñimiñoa dastatuz. Ibili gaitezen zoli belarriak: Europatik askotxo atera gabe, aurkitzeko, alfabeto hebrearraz idazten den hizkuntza turkiarra, karaima, Ukrainian edo Lituanian, ehun hiztun eskasera iristen ez dena. Errepublika baltikoetan livonioa, votioa eta ingrioa dakiten gizon-emakume apurrek ere euretariko edozeinen adina besteko kopururik ezin osatuko lukete. Calabriako La Gárdiako okzitanoak ere zenbaki txikitan ageri dira. Italiako Molise eskualdean kroaziera eta albaniera ama-hizkuntza dutenak ere zifra apaletan konta ditzakegu XXI. mende hasieran. Txikia da laz komunitatea Georgian. Ez omen da sorbio elebakarrik Alemanian.
Eta zenbaki txikion itzalean mende askotako historia, milaka eta milaka egun eta hiztunen etorria, ipuinetan, deklarazioetan, aitorpenetan, prosa eta poesian, pozean eta haserrean. Iragan handia. Ahalmen itzela. Orotarako balioa.

Aragonesa pittinka, friuliera herrenka, Vojvodinako rusynak arnas estuka, zinbroa malkotan Veneto eta Trentinon, zein sutondotan ezkutatzen da leonesaren soinua?
Hizkuntza txikiak mendeetan iraun du. Munduaren handitasunari neurria hartzeko hutsik gabe balio izan du. Eta hala, gizaldiz gizaldi txikia txiki mantendu da. Txikiak balioa izan du handiaren ondoan.

Edonola ere handiak handiagorako grina erakutsi ohi du. Hala erakusten digu historiak. Eta hala, hizkuntza handiek erresuma eta gobernamendu handiei estuki lotuta iritsi dira arrotzak zitzaizkien bazter askotara. Eta bazterrotako berezko kultura ito izan dute, demografiaz, dekretuz edo altzairu zorrotzez.

Ez gabiltza historia berrinterpretatzen diogunean gaur egungo herrialdeen zabalerak errealitate txiki asko elkar itsastetik sortzen dela. Batzuetan borondatez batu izan ginen txikiok eta beste sarri askotan gogoz kontra azpiratu izan gintuzten tamaina handiagoko agintariok. Halaxe osatu dira estatuen mapak eta baita hizkuntza eta kulturenak.
Edonola ere, duela gutxira arte txiki izan zitekeen handiaren ondoan. Jatorrizko kulturen transmisio-mekanismoek funtzionatu izan dute eraginkortasunez hogeigarren mendea dezente aurreratu artean, hizkuntza komunitate berezi bateko kide izatearen kontzientziak balio izan du oraintsu arte munduaren mezuak deskodetzeko, egunerokoari aurre egiteko. Funtsean, diglosiak diglosia, hizkuntza txikian bizitzeko.

Baina munduaren biraketa-abiadura aldatu ez bada ere, zerbait azeleratu da, testuingurua bestelakoa da: hezkuntza eta irakaskuntzaren irismena, informazio-iturrien zabalkundea, jendartearen mugikortasuna, lanerako komunikazio premiak, legerien itogarrikeria eta, finean, gutariko bakoitza egunerokoan kokatzeko moldea, munduarekiko dugun pertzepzioa eta ukimena, arras kanbiatu zaizkigu.
Homogeneizazio-haizea dakar globalizazio neoliberalak, jatorrizko kultura askoren distira lausotzerainokoa. Musika bera, janzkera igualtsuak eta gustu eta iritzi antzerakoak zabaldu heinean, mundua irakurtzeko kode bakarra errotzen ari zaigu, hizkuntza jakin batzuei estuki lotutako kode hegemonikoa. Txikia bitxia bilakatu baita, anekdotikoa, bere balorea galzoriko bidean jartzeraino.

Eta honaxeraino iritsi nahi genuen handi-ttikien harat-honat honetan: txikiaren handitasuna aldarrikatzeraino.

Hizkuntza txikietako lilien haziak ezinbesteko baititu munduak bere baratza janzteko. Leiho txikietatik ikusmira betea dagoelako. Begira bestela euskaratik, gure txikitik, mundu zabalari, eta entzun sagarrondoari egindako sehaska-kanta, mendebaleko sagu-zaharra ekian gau-enara bilakatuta, entzun koblakari gazteak, errimaz errima mundua kontatzen, iturri urri, egarri ikaragarri.

Hor da Zaldieroa hiriko karriketan irrintzika. Harago Lizardiren lagunak belazean eserita erlojuak janez. Haiekin batera txiki-txiki, gu. Txikiak eta gu. Txiki. Baina gu.