Aurreko batean Salvador Cardús soziologoak katalanaren egoerari buruzko jardunaldi batean egin zuen hitzartzea entzun nuen (Jornades sobre l’estat de la llengua a la catalanofonia: anàlisi i intervenció). Harek berak aipatzen zuen moduan hitzartze probokatzailea egin nahi izan zuen, apurtxo bat ganberroa.
Haren ustez, hizkuntzaren egoerari buruz hitz egiteko, gehiegitan erabiltzen ditugu metafora medikoak: hizkuntzaren osasunari buruz hitz egiten dugu; gaixorik dagoela esaten dugu; indarberritu beharra aldarrikatzen dugu; sendatu beharra aipatzen dugu…
Ez da politikoki egokia (“politikoki polita” esango luke baten batek), baina… zer gertatuko litzateke , berriro ere metafora belikoak erabiltzen hasiko bagina? Alegia, berriro ere hizkuntza-borrokaz hitz egiten hasiko bagina? Gerra-komunikatu baten moduan hitz egingo genuke?
- Zein da gure armamentua?
- Zer moduz dago troparen morala?
- Zeintzuek osatzen dute tropa?
- Zein da gure intendentzia?
- Zein dira gure “komandanteak”?
- Zer moduz gaude punteriaz?
- Desertziorik al dugu?
- Infiltraturik al dugu? Espiarik? Zein dira?
Ganberrada bat da, bai horixe! Baina zer pentsatua eman dezake. Cardùsek gogorarazten duen bezala, soziolinguistika katalana, bere hastapenetan, gatazkaren teoriatik elikatu zen: gatazkaren soziolinguistika zen, sociolinguística del conflicte. Egun, haren ustez, kontsentsuaren soziolinguistika ari da nagusitzen. Gatazka linguistikoa disimulatu egiten da, gaitz okerragoak ekiditeko. Gatazkari uko egiten diogunean, ordea, hizkuntza-mendekotasuna gobernatzen duten indar eta estruktura ikustezin horiek dira irabazle suertatzen direnak.
Hitzartzea hemen dago: https://www.youtube.com/watch?v=7HbW-h8KFqE (4h 55′ gutxi gorabehera).
Gatazka vs. Kontsentsua? Ziur aski, kontua ez da bata ala bestea hautatzea. Kontua da bi polo horiek nola kudeatuko ditugun.