Hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra

Nazio Batuen Erakundeak abian du Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda. Marko horren baitan, 17 helburu definitu ditu, mundua hobetzeko: Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) dira. Horien bidez, pobrezia ezabatu, desberdintasunak murriztu eta klima-aldaketaren aurka egin nahi da, inor atzean gelditzen ez dela bermatuz.

Hizkuntza aniztasuna modu esplizituan aipatzen ez bada ere, hor atzean dago. Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak ageriago adierazteko beharra aldarrikatu, eta 17+1. helburua proposatu du, hizkuntza eta kultura aniztasunaren berme izateko. Izan ere, Unesco Katedraren ustez: “doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motore direla, giza-kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat, horregatik garapen iraunkorrak nahitanahiez kontuan hartu behar ditu.”

Proposamena erakusketa baten bidez zabaldu zuten. Itziar Idiazabal irakasleak haren berri eman zuen bideo honetan:

Garapen iraunkorrerako helburu horiek maila mikrora eta tokian tokikora jaistea izan da hurrengo urratsa: gobernuek, udalek, enpresek eta gainerako entitateek ere helburu horiek lortzeko zer egin ahal duten definitzea alegia. Instituzioen kasuan, agintaldiko planak eta GIH helburuak ondo lerrokatzea eskatu da, antza. Udal hauteskundeen ondoren, han eta hemen, garapen iraunkorrerako helburuen aipamena ageri da, baina esango nuke, hizkuntza aniztasuna erabat inbisibilizaturik geratu dela.

Enpresaren munduan adibide interesgarri bat edo beste ikusten da, halere. Katalunian, Respon.cat entitatea horretan ari da. Erakundeen Gizarte-Erantzukizuna sustatu eta bultzatzen duen entitate bat da. Enpresen eta entitateen lehiakortasuna eta jasangarritasuna lantzen ditu, eta, besteak beste, enpresetan Garapen Iraunkorrerako Helburuak sustatu nahi ditu, enpresen Gizarte-Erantzukizunearen ikuspegian integratuz. Euren ustez, berezko nortasuna duten gizarteetan, bi arrazoirengatik da funtsezkoa enpresentzat nortasun hori balioestea: (a) bidezkoa delako aniztasunaren defentsa enpresaren etikan txertatzea, eta (b) ona delako bezeroen eta hartzaileen espektatibak kontuan hartzea eta asetzea.

Hori guztia GIHetako 11. helburuari lotuta dagoela argudiatzen dute: hiri eta komunitate sostenibleak, alegia. Alde horretatik, erantzukizun linguistikoa gizarte-erantzukizunaren parte dela defendatzen dute, eta erabat lerratuta dagoela garapen iraunkorrerako helburuekin. Horren berri hemen eman dute.

Erantzun bat “Hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra” bidalketan

  1. KONTU TERMINOLOGIKOTIK HARAGO

    Gaztelaniazko “sostenible” kontzeptua euskaraz nola eman? Nagusiki bi termino erabili izan dira: “iraunkorra” eta “jasangarria”. Neronek, noiz edo noiz, bi horiekin batera, “eutsigarria” erabili izan dut eta “sosteniblea” erdarazko mailegua ere bai.

    Garai batean, Euskaltzaindiak horietatik lehena hobetsi zuenean, Anjel Lertxundik artikulu gogoangarri bat idatzi zuen. Besteak beste, honako hau zioen:

    “Garatzeko bizi, garapena helburu: garapen iraunkorra. Garapena iraunarazi behar genuke, nonbait, haize denean kandelaren sua eskuaz babesten dugun bezala.

    Baina nola deitzen zaio bizitzeko garatzeari? Garapena ez bada giltza, gu baizik, nire belarriak garapen eramangarria eskatzen dit, eta ez arrazoi lexikoengatik bakarrik. Ideologiak ez digu ba kuku egiten hautatzen ditugun hitzen eta espresioen atzetik?”

Utzi erantzuna allartean(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude