Eraldaketaren Teoria bat

Balear Uharteetako Unibertsitateak Hizkuntza Dinamizazioari buruzko aditu-titulu berri bat abiatu du: Curs d’Expert Universitari en Dinamització Lingüística, gure HIZNETen pareko zerbait. Isidor Mari irakasleak eman du inaugurazio hitzaldia: «La tasca del dinamitzador lingüístic» (bideoa ikusgai dago hemen). Perspektiba interesgarria iruditu zait, gure ohiko ikuspegitik urruntzen bada ere.

Laburbilduz:

  • Hizkuntza dinamizatzaile baten zeregina aldaketa soziolingustikoak erraztea da. Erraztatzaile izatea. Horretarako funtsezkoa da aldaketa soziolinguistikoen prozesuak ulertzea eta prozesu horietan esku-hartzeko mekanismoak ezagutzea.
  • Era borobilagoan esateko, hizkuntza biziberritzea prozesu sozial eraldatzaile bat da, eta teknikariaren papera, eraldaketa-agente izatea (change-maker).
  • Teoria sistemiko-funtzionala defendatzen du. Pertsonek sistema baten barruan hartzen dituzte erabakiak, eta faktore estrukturalak funtsezkoak dira. Aldaketak adaptatiboak dira; hau da, sisteman gertatzen diren aldaketen ondorio dira.
  • Teknikariak sistema horretan duen botere erlatiboa da gakoa. Agian botere hitza potoloegia da: horren ordez lidergoa, influentzia edota eragiteko gaitasuna esan ahal duzue. Goitik behera, estrategien eskailera moduko bat marraztu daiteke, influentzia horren arabera: a) agindu (edo inposatu); b) pertsuaditu (edo limurtu), c) aholkua eman, d) ardura partekatu eta eraldaketa ko-gestionatu, e) presionatu,lobbya osatu, d) iradoki, e) laguntza eskaini.
  • Arriskua da dinamizazioa animazio huts bihurtzea. Fokoa non jartzen dugun da kontua: edukietan ala prozesuetan. Prozesuetan arreta jartzen dugunean, gure proiektuak ondo joatea interesatzen zaigu: jendeak parte hartzea, gauzak egin daitezela… Helburuen perspektiba gehiegi lausotuz gero, animazio hutsa egiten amaituko dugu. Eduki sustantiboetan fokalizatuz gero, proiektu militanteagoak sortzen ditugu, sakonagoak… baina baliteke oso minoritarioak izatea eta inork gutxik parte hartzea. Batean zein bestean, hankamotz. Oreka da kontua.

Deigarria egin zait. Duela gutxi (ber)begiratzen egon naizen testu bat ekarri dit gogora: La Teoría del Cambio (Eraldaketaren teoria), Iñigo Retolazarena. Eraldaketaren teoriak, finean, proiektuak diseinatzeko metodologia bat izan nahi du. Gure ekintzek eta jarduerek eraldaketa zergatik eta nola bultzatuko duten azaltzen saiatzea da. Eraldaketarako ibilbide-orri bat marrazteko ahalegina ere bada. Edozein proiekturen atzean hainbat uste, sinismen eta hipotesi daude, baita balio-sistema bat ere. Horiek guztiak agerian jartzea eta esplizitatzea da eraldaketaren teoria.

Ikuspegi sistemikoa dago oinarrian. Sistema horretan zer aldatu nahi dugu? Horretarako zeintzuk baldintza behar ditugu? Zer egin ahal dugu baldintza horiek sortzeko? Nor dira aktore nagusiak? Zein dira bakoitzaren jarrerak eta interesak? Nolako aliantzak sortu ahal ditugu, eraldaketa hori errazteko? Hamaika galdera…

Eraldaketaren teoria ez da egia absolutu bat edota teoria definitibo bat sortzea, are gutxiago planifikazio zurrun bat egiteko tresna bat. Eraldaketaren teoria, batez ere, gogoeta / ekintza enfoke bat da.

1 thought on “Eraldaketaren Teoria bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude